Hainbat herrialdetako alkateek hartuko dute parte Bake konferentzian
Gaur aurkeztu dute urriaren 10 eta 11n egingo duten Bakearen aldeko Alkateen Konferentzia, Aieteko Bakearen Etxean.
Parte hartzaileen behin betiko zerrenda oraindik zehaztu gabe dagoen arren, asko dira Donostiara etorriko direla baieztatu duten alkateak.
Urriaren 10ean Aieteko Jauregian egingo dute jardunaldien aurkezpena, baina mahai inguru eta hitzaldiak Kursaalen egingo dituzte. Hiru ataletan banatuko dituzte saioak. Lehen taldean, gatazken konponbideetan adituak diren hainbat pertsona elkartuko dira. Beste talde batean, gatazkak bizi dituzten herrialdeetako alkateak bilduko dira. Tartean, Kurdistango hiriburuko alkatea eta Dajla, Saharako gobernadorea.
Hirugarren taldean, dagoeneko barne gatazkak konpondu dituzten herrialdeetako alkateak edo ordezkariak elkartuko dira. Bertan izango dira, besteak beste, Belfast (Ipar Irlanda), Durban (Hego Afrika) eta Cochabambako (Bolivia) alkateak. Eta baita, Boise (AEB), Rosario (Argentina) eta Bartzelonako alkateak ere.
Juan Karlos Izagirre alkatearen arabera, “nazioarteko konferentzia hau antolatzea, bakea eraikitzeko eginkizun erraldoiari ekarpen xume bat egitea da”, eta “tokian-tokian izan diren esperientzia ugarietatik abiatuta denon artean aurrera egitea” izango da jardunaldi hauen helburua.


