Udalak 225.000 euro bideratu ditu euskalduntzea sustatzeko
Tokiko udal gobernuak euskara ikasteko aurreko ikasturteko diru laguntzak banatzea erabaki du. Hala, 189.000 euro bideratuko dira neguko ikastaroetan eta neguko barnetegietan parte hartu duten herritarrak laguntzeko, eta beste 36.000 euro udako ikastaroetan, udako barnetegietan eta autoikasketa ikastaroetan parte hartu duten herritarren artean banatzeko (azken diru laguntza hauek abenduan ordainduko dira). Guztira, beraz, 225.000 euro.
Udako datuak falta badira ere, 2012-2013 ikasturtean 3.641 lagun aritu dira hiriko euskaltegietan euskara ikasten. 2.605 lagun euskaltegian bertan, 516 pertsona autoikaskuntza ikastaroak eginez, eta beste 520 xede bereziko taldeetan aritu dira, guraso edo merkatari taldeetan.
Nerea Txapartegi udal gobernuko euskara eta kultura arduradunaren hitzetan, “udalaren lehentasunen artean dago euskara sustatzea, eta erabilera handitzeko hainbat jarduera abian jarri diren moduan, ezagutza bera ere handitzea gure erronken artean dago, eta hor kokatzen dira euskara ikasteko diru laguntzak, azken batean, euskara ikasten ari denari babesa eman nahi diogu, begibistakoa baita helduen euskalduntze prozesua sustatzen jarraitu behar dela”.
Ildo horretan, abiatzear dagoen ikasturtean ere diru laguntzak eskatzeko aukera ere egongo dela aurreratu du Txapartegik.