Ander Izagirre: "Oso ezaguna dena eta altxor ezezagun txiki batzuk konbinatu nahi izan ditugu"
http://youtu.be/JWsLUsrxAsA
Ander Izagirre kazetari eta idazle donostiarrak Donostia – San Sebastián izeneko gida aurkeztu du gaur goizean Elkar-en, Sua Edizioak argitaletxeko Jesus Mari Pérez Azacetarekin batera.
Alberto Muroren argazkiekin egindako gida honek Donostia oinez ezagutzeko 10 ibilbide eta bizikletaz emateko buelta bat eskaintzen digu. Jesus Mari Pérez Azacetak azaldu du “Donostiako gidarik onena” nahi zutela eta Ander Izagirre horren egile izateko idazlerik egokiena zela iruditu zitzaien, kazetariaren idazkera lañoagatik eta Donostiako txoko guztien inguruan duen ezagutzagatik.
Gidak duen asmoa ez da soilik informazioa eskaintzea, oso ezagunak diren lekuen inguruan azalpen zabalagoak egitea baizik: euren historia, zergatik diren horrelakoak… Esate baterako, Kontxako pasealekua ez da beti Donostiak izan duen leku bat; pasealekua egin baino lehenago, ideia nagusia portu bat eraikitzea zen, baina garai hartako turismoak garrantzia handia zuenez, etortzen zen jendearentzako leku bat egitea erabaki zuten. Azken batean, hirian “ikusten dena bakarrik ez azaltzea” da Izagirreren helburua.
Ezagunak diren leku horiekin batera, donostiarrontzat ezezagunak diren altxor txiki batzuk konbinatu nahi izan ditu kazetari eta idazleak. Bestalde, bereziki atzerritarrei zuzendutako informazio praktikoa ere badago: non lo egin, pintxoen ibilbideak, ekitaldi kulturalak, etab.
Donostia – San Sebastián gida dagoeneko liburutegietan eskuragarri dago edota Elkar-eko webgunean erosi daiteke, 18€ren truke.