‘Bienvenidos al fin del mundo’ filmak irekiko du jaialdia.
Urriaren 26a eta azaroaren 1a bitartean Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXIV Astean sail ofizialean lehiatuko diren zenbait film luzeren aurrerapena eman du jaialdiak.
Edgar Wrighten azken filma,
Bienvenidos al fin del mundo (The World’s End, 2013), proiektatuko dute Antzoki Zaharreko inaugurazio ekitaldian, urriaren 26an.
Zombies Party (Shaun of the Dead, 2004) eta
Arma fatal (
Hot Fuzz, 2007) filmeen zuzendaria da Wright. Azken komedia hau Ingalaterrako Newton Haven hiri txikiaren kanpoaldean girotu du. Bost nerabek institutuko graduazioa ospatzea erabaki dute tabernaz taberna “urrezko milia” izeneko ibilbide epikoa eginez. Gogo biziz abiatu arren eta pinta ugari edan ondoren, ez dira
The World’s End zerrendako azken tabernara iritsiko. Hogeitaka urteren ondoren, “bost mosketariak” balentria hura amaitzen saiatuko dira, jada hiri txiki hartan bizi ez badira ere. Iragana eta oraina uztartzen saiatzen diren bitartean, garai bateko hainbat pertsonekin eta garai bateko lekuetan topaketa gero eta arriskutsuagoak eta zoroagoak gertatuko zaizkie eta, beren etorkizunaren alde ez ezik, giza arraza osoaren etorkizunaren alde borroka egin beharko dutela ohartuko dira.
Hauek izango dira sail ofizialean ikusi ahal izango diren beste film batzuk:
‘The Battery’
The Battery (2012). Jeremy Gardner. AEBak.
Ben eta Mickey bi beisbol jokalari ohi dira eta, bide bakarti eta baso urrunetan barrena, Ingalaterra Berria zeharkatuko dute. Eskualdea suntsituta dago. Zonbiak herrialdeaz jabetu dira eta bizirik irauten duten gizaki urriak zonbi horiek saihesten saiatzen dira. Beraiek alde batetik bestera dabiltza noraezean. Benek gustuko du joan-etorri etengabe hori, leku bakoitzean denbora luzez geratu gabe. Mickeyk, ordea, bere lehengo bizitzaren egonkortasuna eta erosotasunak sumatzen ditu faltan.
‘Capa caida’
Capa caida (2013). Santiago Alvarado. Espainia.
Hogei urtetik gora desagertuta dagoen Magnori buruzko dokumentala da. Garai guztietako superheroirik handiena izan zen eta planeta sarritan salbatu zuen, baina adingabeei gehiegikeriak egitea egotzi zioten eta epaitu egin zuten. Epaileak froga sendorik ez izateagatik errugabea zela ebatzi arren, haren izena betirako zikinduta geratu zen. Talde batek elkarrizketa egingo dio eta haren eguneroko bizitzaren jarraipena egingo du, egunean zehar zer egiten duen jakiteko eta orain urte batzuk gertatu zena aztertzeko.
‘Dark Touch’
Dark Touch (2013). Marina de Van. Frantzia-Irlanda-Suedia.
Familia bat bortizki sarraskitu dute Irlandako landan kokatuta dagoen etxe urrun batean. Alaba soilik irten da bizirik. Niamhek, hamaika urteko neskatoak, etxea bera sarraskiaren errudun dela esango dio poliziari, baina ez diote kasurik egiten. Bizilagun bikote batek adoptatuko du eta normaltasunera itzultzen saiatuko da, baina ez da erraza izango. Izua eta iluntasuna ditu orain lagun.
‘Discopath’
Discopath (2013). Renaud Gauthier. Kanada.
Hirurogeita hamarreko hamarkada erdian, New Yorkeko gazte lotsati bat bere bizitza erabat aldatzen dela ohartuko da, hirian nagusi bilakatu den korronte berri baten soinu bereziak entzuten dituenean: disko musika. Ezin ditu musika hura entzutean barrutik irteten zaizkion irrika kriminalak aldendu, eta Duane Lewis Montrealen erbesteratutako
serial killer batean bilakatuko da. Zuzendariaren opera prima da, eta berak idatzi eta ekoitzi du, eta zuzendaritza artistikoaz eta musikaz arduratu da; halaber, bere etxea saldu behar izan du filma finantzatzeko.
‘Nuiglumar Z’
Nuiglumar Z (2013). Noboru Iguchi. Japonia.
Noboru Iguchi zinemagile sailkaezinaren eta paregabearen azken filma da hau. Azken urteotan, genero honetako zinemagile japoniarren arteko garrantzitsuenetako bat bilakatu da, eta, besteak beste,
RoboGeisha (2009),
Tomie Unlimited (2011) edo
Dead Sushi (2012) filmak egin ditu. Film horiek guztiak Astean erakutsi dira. Oraingo honetan,
gothic lolita bat da filmeko protagonista. Peluxezko hartzatxo arrosarekin bat egingo du planetan bizi diren zonbien aurka eta, oro har, gaizkiaren indarren aurka borroka egiten duen heroi bilakatzeko.
‘Nothing Left to Fear’
Nothing Left to Fear (2013). Anthony Leonardi III. AEB.
Wendyk eta Danek seme-alabekin batera bidaia egingo dute Stull (Kansas) herri txikira eta, itxuraz, lasaiera. Dan herriko artzain berria da. Iritsi orduko gertakari bitxiak eta beldurgarriak gertatuko dira, eta bakea eta familiaren bizitza mehatxuan jarriko dituzte. Slash gitarra-jotzaileak sortutako Slasher Films konpainiaren lehen ekoizpena da, eta zuzendariaren opera prima. Stullen kondaira beltza du abiapuntu, askorentzat infernura sartzeko zazpi ateetako bat dena.
‘The Profane Exhibit’
The Profane Exhibit (2013). Ruggero Deodato, Michael Todd Schneider, Andrey Iskanov, Ryan Nicholson, Marian Dora, Sergio Stivaletti, Richard Stanley, Yoshihiro Nishimura, Nacho Vigalondo, Uwe Boll. Kanada-Italia.
Zer gehiago konkista daiteke jadanik dirua eta boterea eskuratuta? Goi gizarteko zenbait pertsonak bi modutan besterik ez dute plazera sentitzen: beste gizaki batzuei ekintza gaiztoak egitera behartuz eta euren balentria haien antzeko pertsonei “Arimen logelan” kontatuz. Parisen kokatzen den sotoa da eta bertan biltzen dira euren istorioak trukatzeko. Giza izaeraren ustelkeriaz elikatzen direnen mundua da.
‘Tai Chi Hero’
Tai Chi Hero (2012). Stephen Fung. Txina.
Yang Lu Chan XIX. mendeko
tai ji maisu ospetsuaren bizitza modu epikoan kontatzen duen trilogiaren bigarren atala da. Trilogiaren lehen atalean herria suntsipenetik salbatzen lagundu ondoren, Lu Chanen bizitza nabarmen hobetu da Chen herrixkan –bertan,
tai ji-aren berezko estilo baten espezialista dira herritarrak, kanpotarrei estilo hori debekatzen zaielarik–. Chen maisuaren alabak harekin ezkontzea onartuko du, era horretara, familiako kide bilakatuta, Chen estiloa ikas dezan.
V/H/S/2 (2013). Simon Barrett, Adam Wingard, Eduardo Sánchez, Gregg Hale, Timo Tjahjanto, Gareth Huw Evans, Jason Eisener. AEB.
Etxe ilun eta bakarti batean VHS formatuko bideokasete pila bat dago. Bideokasete horietan istorio asaldatzaileak eta beldurgarriak gordetzen dira. Bideokaseteetan grabatutako film laburren antologiaren bigarren emanaldia da. Oraingoan, ustekabeko bisitariak (gorputzaren barruan eta kanpoan), sekta odoltsu bat eta adiskidetzeko asmorik ez duten estralurtarrak izango dira protagonistak.
‘We Are What We Are’
We Are What We Are (2013). Jim Mickle. AEB.
Parker familia itxuraz familia osasuntsua eta borondate onekoa da, eta euren buruekiko leialak izan dira beti. Frank patriarkak kartsuki zuzentzen du familia, kosta ahala kosta, arbasoen ohiturak mantentzea nahi duelako. Baina inguruak mehatxatzen dituen uholde-uren ekaitza bailitzan, tragedia iritsiko da Parkertarren familiara. Iris eta Rose alabek ohiko familia batetik haratago doazen ardurak hartzera behartuta egongo dira: hemendik aurrera, haragia mahai gainean jartzea izango da haien zeregin nagusia.
Stake Land (2010) filmeko arduradunak zuzendutako
Somos lo que hay (2010) film mexikarraren
remake bat da.