Ramon Gomez, PPko zinegotzia, gaurko prentsaurrekoan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ramon Gomez, PPko zinegotziak gogor kritikatu du udal gobernuaren eta batez ere Juan Karlos Izagirre alkatearen jarrera. “Guztiz zentzugabea da hiltzea gaizki dagoela esateko gai ez den pertsona bat bake konferentzia bat aurkezten aritzea”, adierazi du Gomezek.
Bilduk udalean duen agintea “bere mesederako” eta “donostiarrak ideologizatzeko” erabiltzen duela salatu du zinegotzi popularrak, eta “donostiar guztien alkate dela, eta Donostia eta donostiar guztien mesedetan lan egin behar duela” gogorarazi dio alkateari.
Horregatik, hurrengo udalbatzarrean hainbat argibide emateko eskatuko dio PPk Juan Karlos Izagirre alkateari, eta era berean, mahai gainean jarriko dituzten hainbat gairen inguruko jarrera argia erakusteko eskatuko dio udal gobernuari.
Urrian egingo den bake konferentzian ETAren biktimak zergatik ez diren aintzat hartuko galdetuko dio PPk alkateari, adibidez. Edo, zergatik ordaindu behar duten donostiar guztiek presoen egoerari buruz sei hilabetero egiten den txostena. Aste Nagusian hiriko, eta batez ere, Parte Zaharreko kaleak “norabide bakarreko mezu politikoz zikintzen” utzi izana ere leporatu dio PPk udal gobernuari.
Guztira 30 jardueren inguruko argibideak eskatuko ditu PPk.