Udal gobernuak "harridura eta kezka" adierazi ditu trenbide sarearen inguruko adostasuna arriskuan ikustean
EAJ eta PSE alderdiek Donostiako trenbide sarearen inguruan lortutako adostasuna dela eta, udal gobernuak adierazpen bat igorri du.
Oharraren arabera, Donostiako udala, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Eusko Legebiltzarra bat etorri dira, donostialdean eta Gipuzkoan eraiki beharreko trenbide sareen gaineko erabakiak Donostiako udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean adostuak izatearen beharraz. Bide horretan, Donostiako udalak eta Eusko Trenbide Sareak dagoeneko egina diote gonbidapena Foru Aldundiari dauden beharren inguruko analisiari elkarlanean ekiteko.
Bestetik, joan den maiatzean EAJ taldeak aurkeztutako emendakina onartu zuela udalbatzarrak gogoratu du udal gobernuak. Emendakin horrek hala zioen: ‘Donostiako Udalbatzarrak Eusko Jaurlaritzari irmoki eskatzen dio gure hiriari eragiten dieten mugikortasuneko proiektuen azterlan eta diseinuan kontuan har ditzala garraioen alorrean eskumena duten erakundeak, bere planifikazioa eta ordenazioa egiteko garaian’.
Hortaz, udal gobernuak “harridura eta kezka” adierazi ditu orain arteko adostasuna zalantzan jarria izan dela ulertzen baitu, eta “adostasunaren bidera” itzultzeko eskatu du.
Era berean, trenbide sarearen inguruko lehentasunak garbi dituela adierazi du udal gobernuak. Alderik aldeko trena ez da lehentasuna, eta badira beste batzuk: trenen maiztasuna eta azkartasuna hobetuko luketen bikoizketak egitea ahal den eremu guztietan; Loiolako sahiesbidea egitea, RENFE eta Euskotren lineak elkartu eta zerbitzua nabarmen hobetzeko; Loiolako geltokia egitea eta Altza-Galtzaraborda lotura hobetzea.
Donostiako udalak “borondate osoa” adierazi du lehentasun hauen gainean elkarlanean aritzeko, baina ez du igorritako adierazpenaren arabera, “ez du onartuko Donostiako udala eta donostiarrak kontuan hartuko ez dituen erabakirik”.