Irudian, Usandizaga kaleko lanak. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Peña y Goñi kalean ere hainbat aldaketa egingo dituzte; oinezkoentzako gunea zabaldu eta ibilgailuena murriztu, besteak beste.
“Hiritarrentzat hiriko espazioak berreskuratzeko asmoz” hainbat lan egiten hasi dira Grosen. Helburua Peña y Goñi eta Usandizaga kaleak oinezkoentzako egokitzea da. Usandizaga kalean hasi dituzte jada lanak, irudietan ikus daitekeen moduan. Espaloi bat zabalduko dute; eta alde bateko aparkalekuak jada ez dira zeharka aparkatzekoak izango, linean aparkatzekoak baizik.
Peña y Goñi eta Usandizaga kaleetan zoladura jarriko dute, eta euri urak jasotzeko sarea moldatuko dute. Ura, saneamendua, argiteria eta semaforoen udal sareak ere berrituko dituzte. Gainera, 30 Gunea sortuko dute. Bertan bizikletek eta gainontzeko ibilgailuek zirkulazio espazioa partekatuko dute.
Usandizagako lanak bukatzean hasiko dira Peña y Goñi kaleko lanak. Oinezkoentzako bidea zabaldu egingo dute.
Bestalde, Miguel Imaz kalean bihurgune bat zuzenduko dute, ikuspena hobetzeko eta oinezkoentzako gune seguruago bat sortzeko. Ramon y Cajal kalean ere zenbait aldaketa egingo dituzte: oinezkoentzako bi bideak espaloien altueran jarriko dituzte.
Gune honetako lanak abendurako bukatzea aurreikusi dute.