Zaborrak sailkatzeko koloretako edukiontziak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Edukiontzi marroia gehien erabiltzen duten herritarrei lehen sei hilabetean tasak ez igotzea, eta hurrengo sei hilabetekoan ehuneko 50eko hobaria ematea da PSE-EEk proposatzen duen neurrietako bat.
Susana Garcia Chueca, zinegotzi sozialistaren arabera, PSE-EEk atez-ateko zabor bilketaren aurkako jarrera argia erakutsi du beti. Hondakin bilketaren inguruko akordio bat ere lortu zuen udal gobernuarekin. Akordio horren arabera, 2014. urtean bosgarren edukiontzi txipduna abian izango da auzo guztietan. Bilketa borondatezkoa izango da, eta ondo egiten duenak zaborraren tasa merkeagoa izango du.
Merketze edo abantaila horien bidez, gaikako bilketa eta konposta indartu nahi dituzte sozialistek.
Bestalde, zabor tasen inguruan beste bi proposamen ere luzatu dizkio PSE-EEk udal gobernuari. Batetik, ordainketa ur kontsumoaren arabera zehazten hasi dira aurten, ur kontsumo handia dagoen etxeetan sortzen den hondakin kopurua ere handiagoa izaten dela uste baita. Ur kontsumoaren datuak errazten ez dituzten herritarrei % 100eko gainkargua ezartzea dago aurreikusia, baina sozialistek gainkargu hori % 50ean uztea proposatzen dute; urtean 50 bat euro.
Bestalde, orain arte zabor tasak zehazteko jardueraren araberako hiru maila erabiltzen ziren: ostalaritza, elikadura eta ekoizle handiak. PSE-EEk hamairu maila proposatzen ditu, “ez baita hondakin kopuru bera sortuko abokatu bulego batean eta janari denda batean, adibidez,”, adierazi du Garcia Chuecak.
Honakoak lirateke mailak:
1-Ostalaritza eta hotelak
2-Bulegoak
3-Merkataritza txikia orokorrean
4-Harategi, arrandegi eta fruta dendak
5-Elikagai dendak
6-Tailerrak, industria txikia, biltegiak
7-Osasun eta zahar egoitzak
8-Ikastetxeak
9-Ileapaindegiak
10-Jolas zentroak
11-Mediku zentroak
12-Kiroldegiak
13-Jarduera bereziak