Euskarazko ikuskizunak eta bertako proposamenak bultzatu dituzte udazkeneko denboraldian
Hurrengo hiru hilabeteetako arte eszenikoen programazioa aurkeztu du Donostia Kulturak.
Xabier Mendigurenen ‘Hamlet’ obraren egokitzapena izango da ikusgai Gazteszenan.
“Programazio zabala, trinkoa eta mardula izango da udazkenekoa. Urtea indartsu bukatuko dugu”. Hala azaldu du Norka Chiapusok, Donostia Kulturako arte eszenikoen arduradunak. Euskarazko ikuskizunak eta bertako egileen proposamenak bultzatu dituztela adierazi du hurrengo hiru hilabeteetako denboraldiaren aurkezpenean.
Viktoria Eugenia Antzokian Kukai eta Tanttaka Teatroak Komunikazioa-Inkomunikazioa obra taularatuko dute (Urriaren 19an eta 20an) eta Kursaal Auditorioan Bergarako musika eskolak Peter Pan ikuskizuna aurkeztuko du (Urriaren 26an). Abenduaren 3an, Euskararen Egunarekin eta Elbarritasunaren Egunarekin bat eginez, Verdini dantza taldeak Dastatu gure dantza obra interpretatuko du Viktoria Eugenia Antzokian. Eszenatoki berean, Gero Axular kultur taldeak Argizaiola ikuskizuna taularatuko du (Abenduaren 28an).
Gazteszenan Ramon Agirre eta Inaxio Tolosa izango dira Koka Kola eta barea ikuskizunarekin (Urriaren 20an). Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu konpainiak ere Egiako eszenatokian izango dira. Xabier Mendigurenek egokitutako Hamlet obra antzeztuko dute. Errautsak ikuskizunaren ondoren, Shakespeare-en obrarekin itzuli dira agertokietara. Azaroaren 7tik 10era egongo dira. Egian ere, Zurriola antzerki taldeak Bernarda Albaren Etxea obra klown estiloan landuko du: Bernarda klownaren etxea (Abenduaren 4an). Zurriolako gazteak Lugaritzen ere izango dira, Oihu egiteko zubia obrarekin (Abenduaren 12an).
Antzoki Zaharrean, Karrika antzerki taldeak Lurra astinduz lana ekarriko du (Azaroaren 22an eta 23an). 2007an Durangoko bonbardaketan oinarrituta Martxoak 31 ikuskizuna sortu zuten. Oraingoan obra haren jarraipena taularatuko dute, faxisten beldur Durangotik ihes egin zuten herritar haien bizipenak kontatzeko.
Nazioartetik, San Petersburgoko Errusiar Armadako Abesbatza (Abenduaren 21ean) eta Kubako Balleta (Azaroaren 23an) etorriko dira Kursaalera.
Ikuskizun guztien zerrenda lotura honetan ikusteko aukera duzu. Sarrerak gaur bertan jarri dituzte salgai.

Inaxio Tolosa eta Ramon Agirrek ‘Koka Kola eta barea’ obra aurkeztuko dute.

