Ikasgelatik kanpo ere haurrek euskaraz hitz egiteko programa hasiko da urrian
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Haurrak Beti Jolasean programa abian jarriko du urriaren hasieran.
Haurra beti jolasean programaren haurrek euskara hobetu eta erabiltzeko aukera izango dute jolasaren bidez. Nerea Txapategi Udal Gobernuko Euskara eta Kultura arduradunaren esanetan, “euskara erabiltzeko ohitura hartzea ikasgelaz kanpoko jardueretan da ekimenaren helburua”. Batez beste, 20 ikastetxe baino gehiagok izena ematen dute programa honetan eta mila bat haur aritzen dira ikasturte bakoitzean. Haurrak Beti Jolasean eskola orduz kanpoko jarduera baita ( bazkalondoan edota arratsaldean, eskola bukatutakoan, egiten da). Nerea Txapartegik gaineratu duenez, “kontuan hartu behar da Donostian haur askok euskara ikastetxean ikasten dutela eta eskolarekin lotzen dutela eta era honetako jarduerek laguntzen dute haurren arteko euskararen erabilera sustatzen aisialdi giroan”.
Ikastetxearen esku
Haurrak Beti Jolasean ikastetxeetan bideratzen da eta Haur Hezkuntzako bigarren mailatik (4 urteko gela) Lehen Hezkuntzako seigarren mailara artekoentzat da. Matrikula irailean zabalduko da eta ikastetxean eman behar dute izena, taldeak eta ordutegia finkatzea ikastetxearen ardura izango da eta. 10-12 laguneko taldeak antolatzen dira eta begirale batekin aritzen dira jolasean ikasturte osoan, urritik maiatzera.
Harrera ona gurasoen artean
Eskainitako moduluak desberdinak izaten dira ( 2,3 edo 4 ordu astean) eta gurasoek ordaindu beharrekoa ere moduluaren arabera izaten da ( 142 €tik 197,50€ bitartera). Ekimena Donostiako ikastetxe guztiei eskaintzen zaie eta ikastetxe bakoitzak erabakitzen du bertan parte hartu ala ez. Batez beste, 20 ikastetxe baino gehiagok izena ematen dute eta mila bat haur aritzen dira ikasturte bakoitzean. Bestalde, Haurrak Beti Jolasean ekimenak 221.250 €ko kostua du, %80a gurasoek finantzatzen dute eta gainerako %20a Udalak ordaintzen du. Datu horiek guztiek agerian uzten dute jarduera arrakastatsua dela eta gurasoek zein irakasleek beharrezkoa ikusten dutela.

