Langabeziak gora egin badu ere, hiriko produkzioa maila berean mantentzen da
Egonkortasuna da Donostiako ekonomiaren adierazle; enpresak eta langileak gutxitu egin dira, baina produkzio mailari eutsi egin zaio.
Euken Sese, garapen ekonomikoko zinegotzi ordezkariak eta Josu Ruiz, sustapeneko zuzendariak, 2012. urteko gizarte eta ekonomia datuak eman dituzte gaur.
Hiri Behatokiak egindako barometroan datu asko biltzen dira, eta Josu Ruizen arabera, “datu horiek hiriaren eta auzoen bilakaera eta garapena sustatzeko erabiltzen dira”. Demografia, ekonomia, turismoa, lan merkatua, kultura eta gizarte zerbitzuen inguruko datuak bildu dituzte, besteak beste.
Datu ekonomikoak
Ekonomia datuei dagokionez, Donostiako ekonomiak ondo eutsi dio krisiari. Industria eta eraikuntza sektorea dira krisiak gehien eragindakoak. Hala ere, Sesek adierazi duenez, “sektore hau ez da hiriko jarduera nagusia, beraz, beheranzko joera horri zerbitzuek eutsi diote”. Izan ere, zerbitzuen sektoreari esker hiriko produkzioa mantentzea lortu da. Ostalaritzak, adibidez, hiriko lanaren %7a sortzen du. Gainera, 2011. urtearekin alderatuta, enplegu tasa igo egin da alor honetan.
Turismoak ere datu positiboak utzi ditu. Espainiako bisitari kopurua jeitsi egin da, baina nazioarteko bisitariena nabarmen igo da.
Datuak eguneratuta, 2013ko uztaileko datuen arabera, Donostiako langabezia tasa % 12’9koa da. (2011an 10’3koa zen eta 2012an 12’3koa). “Donostia ez da irla bat, hemen ere nabaria da krisia. Dena den, langabezia pixka bat igo bada ere, gainerako lurraldeekin alderatuta, datu positiboak dira, eta nahiko ongi ari gara krisialdia gainditzen”, adierazi du Josu Ruizek.
Gizarte Zerbitzuak
2012. urtean, 13.249 familia artatu dituzte udaleko gizarte zerbitzuetako zentroetan. Gainera, gizarte larrialdietako laguntzek gora egin dute, eta udalak 800.000 euroko laguntza osagarria emango du 2013. urtean, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen GLL edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzen osagarri gisa.
Demografia
Biztanleak aztertuz gero, Donostia nabarmen zahartzen ari da, 44,7 urtekoa da bataz besteko adina. Baina Ruizek adierazi duenez, “zahartze prozesu honetan, oso datu positiboa da jaiotze tasak gora egin izana”. 2012. urtean 1630 pertsona jaio ziren, 2011. urtearekin alderatuta %8,4 haziz jaiotze tasa. 2012. urte bukaeran, 186.510 biztanle zituen Donostiak, eta biztanleria haziz doa etengabe. Amara, Erdialdea eta Altza dira biztanle gehien dituzten auzoak, 20.000 biztanletik gora dituelarik bakoitzak.


