El Paso taldearen obrak bildu dituzte Kubo aretoan
Ibilbide labur baino sakoneko Espainiako artista mugimenduak eragin handia izan zuen gerraosteko artegintzan.
Gerraostean Espainian sortutako El Paso artista mugimenduaren isla jaso du Kursaaleko Kubo aretoak. Hala, momenturen batean edo bestean talde horretako kide izandako hamar artista horien 41 obrak osatzen dute El Paso; abstrakzioa eta abangoardia erakusketa. Ibilbide laburra izan zuen taldeak, hiru urte eskasekoa, 1957 eta 1960 artean, baina aldi berean, bere eragina handia izan zen. Dolores Duran izan da erakusketaren komisarioa, eta obra gehienak museoetatik ekarri dituzten arren, bildumagileek utzitako lan batzuk ere ekarri dituztela argitu du. Gainera, obrekin batera (margolanak, koadroak, zein eskulturak), garaiko argazki eta katalogoak ere jaso dituzte. Azken batean, mugimendu hark suposatutakoaren laburpen gisa osatu dute erakusketa. “Eskola sortu zuten eta beste hainbat artistentzako iturri bihurtu ziren”, aipatu du Kuboko Cristina Belokik gaurko aurkezpenean.
XX. mendeko bigarren erdialdeko kultura-giroan El Pasok eraberritze lan sakona egin zuela diote adituek. Gainera, taldea osatu zuten artista horiek urte batzuk geroago eta bakoitzak bere aldetik sendotasun handia erakutsi zuten. Guztira, taldetik 10 artista igaro ziren, baina sartu-irten asko egon ziren, eta guztiak ez ziren batera egon taldean. Edonola, honako artistak egon ziren momenturen batean edo bestean El Pason: Manuel Viola (Zaragoza, 1916-Madril, 1987), Antonio Suarez (Gijon, 1923), Pablo Serrano (Teruel, 1908-Madril, 1985), Antonio Saura (Huesca, 1930-Cuenca 1998), Manuel Rivera (Granada, 1927-Madril, 1995), Manuel Millares (Kanaria Handia, 1926-Madril, 1972), Juana Frances (Alacant, 1924-Madril, 1990), Luis Feito (Madril, 1929), Martin Chirino (Kanaria Handia, 1925) eta Rafael Canogar (Toledo, 1935).
Taldea sortu zen garai hartan, arte galeriak, bildumagileak eta kritikari adituak, besteak beste, falta zirela azpimarratu zuten El Pasoko artistek. Gainera, taldeak, arkitektuek eta musikagileek ere eurekin bat egitea nahi zuen. El Pasoko artista askok gerra garaia bizitu izan zuten, eta horregatik, maiz, euren lanetan kolore beltza zen nagusi, iluntasuna, tragediaren erakusle. Gainera, Espainia modernitatera jotzeko bidea egiten ari zen arren, kulturalki eta ekonomikoki garai behartsuak zirela gogorarazi du Duranek. Testuinguru hartan, 1957an egin zuen lehen bilera El Pasoko talde sortzaileak, eta urte hartako apirilean lehen manifestua kaleratu zuten. Hala, guztien artean, apirilean zabaldu zuten lehen erakusketa. Hurrengo hiru urteetan gora-behera ugari izan ziren artisten artean, 1960an desagertu zen arte. Hala ere, euren helburua lortu zuten, informalismoaren oinarri nagusi bihurtzea.
Erakusketarako sarrera doakoa da eta urtarrilaren 19a arte egongo da zabalik, asteartetik igandera, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara.