Kurando Shoji, Rai Shizuno eta Igor Otxoa, Cinema Caravan kultur topagunearen aurkezpenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Zinemaldiak irauten duen bitartean Trinitate plaza japoniar erara girotuko dute, eta musika, dantza, gastronomia, artea eta beste hainbat jardueren bidez, japoniar eta euskal kulturaren topagune bihurtuko da.
Cinema Caravan japoniar kulturari buruzko jaialdi ibiltaria da. Alor ezberdinetako artistak elkartu, eskualde ezberdinetako kultur ñabardurak ezagutu, babestu eta ezagutaraztea da beraien helburua. Japonian barrena ibiltzen dira, baina oraingoan lehen aldiz, kanpora atera dira, eta Donostian kokatuko duten euren gunea.
Ekitaldi hau Basquing izeneko erakundu japoniarrak antolatu du. Donostia 2016 proiektuarekin elkarlanean dabil, izan ere, urteak daramatzate Euskal Herriko hainbat eragilerekin lanean, bi kulturen arteko harremana sendotuz. Aurten, Zinemaldian zinemagintza japoniarra landuko dutela aprobetxatuz, Cinema Caravan ere hirira ekarri nahi izan dute. Kurando Shoji, Basquingeko zuzendariaren arabera, “talde moduan aurkezten dugu gure kultura, bakoitzak bere alorraren ikuspegia eskainiz. Modu honetan, besteei erakutsiz, gurea dena defendatu eta indartu egiten dugu”.
Irailaren 20tik 28ra bitartean egongo da Parte Zaharreko Trinitate plaza japoniar erara girotuta. Egunero eskainiko dituzte musika, dantza edo ikus-entzunezko emanaldiak, baina beti bertako artistaren batekin arituko dira elkarlanean. “Sormenak ez du hizkuntzaren mugarik ezagutzen; oso aberasgarria da kultura ezberdinen arteko artistak elkartzea”, esan du Rai Shizuno, Cinema Caravanen sortzaileak. Shizuno argazkilaria da, baina buru belarri dabil Trinitate plaza prestatzen, horixe baita beraien filosofia, denen artean kultur topagune bakarra sortzea. Guztira 18 lagun dabiltza lanean, zinemaldiak irauten duen bitartean beren berri emateko, Parte Zaharrera gerturatzen den edonori.
Euskal Herriko dantzariak japoniarrekin arituko dira, janari japoniarrak eta pintxoak dastatu ahal izango dira, bi herrialdeetako musikariak ere elkarrekin arituko dira…Ostiralean, irailaren 20an egingo da Cinema Caravan, kultur topagunearen aurkezpena, arratsaldeko 17:30ean.