Langabeek ostirala arteko epea izango dute Zinemaldiko sarrerak doan eskuratzeko
Donostiako udalak Zinemaldirako mila sarrera banatuko ditu langabetu donostiarren artean, guztiak sail ofizialekoak.
Banaketa atzo hasi zen, baina ostiralera arteko epea izango dute langabeek sarrerak eskuratzeko. UDALINFOn egingo dute banaketa, goizeko 9:00etatik 11:00etara. Udalak duela bi urte ekin zion sarrerak banatzeari eta oso harrera ona izan du jarduerak; iaz bi egunetan banatu ziren sarrerak. Atzo, lehen eguna izanik, 370 sarrera banatu zituzten. 2012an 800 sarrera banatu ziren eta aurten 1.000 izango dira banatuko direnak.
Aurreko urteetan bezala sarrerak eskuratu ahal izateko honako baldintzak bete behar dira: 18 urtetik aurrerakoa izatea, hirian erroldatuta egotea eta langabezia txartela aurkeztea. Pertsona bakoitzeko bina sarrera banatuko dira; etxe bakoitzeko gehienez sei sarrera banatuko direlarik.