Langileak eta zaleak gogotsu daude Zinemaldia hasteko
Kursaal inguruan zinema giroa nabaria da dagoeneko. Zinemaldia hastear dago eta zaleak erakartzeaz gain, egunotan langile ugari biltzen dira. Denon helburua Zinemaldia ongi ateratzea da, eta jo eta su ari dira lanean. IRUTXULOKO HITZAk haietako batzuekin hitz egin du euren esperientziaren berri izateko.
Guillermo eta Javier: “Maria Kristina hoteletik pasa gara, baina ez dugu izarrik ikusi”
Guillermo eta Javier Granadatik etorritako bi ikasle dira. Duela bi urte Donostiako Zinemaldian izan ziren, eta, aurten, errepikatzea erabaki dute: “Ez gara Zinemaldiagatik bakarrik etorri, hiria asko gustoko dugu eta egun hauetan giro handia eta jende gehiago egongo zela pentsatu dugu”. Film berezirik ez dutela ikusiko azaldu diguten arren, “izarren bat ikustea” espero dute. Izan ere, gaur goizean Maria Kristina hotelera hurbildu dira, baina ez dute zorterik izan.
Mikel Garcia: “Izarrak ikusten ohituta nago eta gehienak gu bezalakoak dira”
Maria Kristina hotelean atezain gisa lan egiten 16 urte daramatza Mikel Garziak eta, urtero bezala, gogotsu dago Zinemaldia hasteko. Egun horietan hotel ingurua jendez beteta egoten da: “Etortzen den izarraren arabera, jende gaztea edo, ez hain gaztea, gerturatzen da. Richard Gere aktorea etorri zen urtea jendetsuena izan zen”. Hainbeste urte izarren artean daraman arren, ohituta dagoela dio eta gehienak gu bezalakoak direla ziurtatzen du. Zinemaldiko egunetan jendez beteta egoten da hotel ingurua eta, etortzen den izarraren arabera, jende hori gaztea edo ez hain gaztea izaten da”.
Judith Perez: “Zinemaldia barrutik nolakoa den ikustea oso esperientzia polita da”
Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da Judith eta Zinemaldian boluntario bezala egiten du lan, Anoetako Belodromora joaten diren ikus-entzuleak esertzen. “Nire bigarren urtea da eta, ikasi dudanarekin lotura zuzena ez duen arren, Zinemaldia barrutik nolakoa den ikustea oso esperientzia polita da”. Iaz izandako giro bikainagatik gogotsu dago hasteko. “Arratsaldetan pelikulak ikusteko aukera daukagu eta, oso fanatika ez naizen arren, ospetsuak gertutik ikusteak ilusioa egiten du”.
Sandra Sanchez: “Txikitatik zinemagintzaren mundua gustatu izan zait”
24 urteko aktore honek Madrilen ikasten du urtean zehar, baina egun hauetan Donostiara bueltatu da Zinemaldian boluntario gisa lan egiteko. Txikia zenetik zinemagintzaren munduan murgilduta egon da eta, aurten, hainbeste gustoko duen arlo honetan lan egingo du: “Aktoresa izan nahi dut eta hemen lan egiteak ate asko irekitzen dizkizula iruditzen zait, mundu honetan hanka sartzeko aukera da”. Gainera, filmak eta ospetsuak ere ikusi ahal izango ditu: “Hugh Jackman aktoreak izugarrizko papera egin zuen Los Miserables pelikulan eta aurten Kursaal ingurutik ikustea espero dut”.
Ignacio Montero: “Hain gogor lan egin ondoren, filmak ikusteko gogo gutxi izaten dut”
Maria Kristina hotelaren ondoan dauden iragarki panelei azkeneko ukituak ematen ari da Ignacio. 15 urte inguru daramatza Zinemaldiarekin kolaborazioan eta hasi baino egun batzuk lehenago jo eta su ibiltzen direla azaldu digu. “Mugimendu handia izaten dugu panelekin, baina lan gogor horren ostean, filmak ikusteko gogo gutxi izaten dut. Hala ere, aurtengo edizioa interesgarria izango dela uste dut, erakargarria, glamour donostiarraz betea”.