Tren geltokitik Oletara igotzen den gunea. (Argazkia: Google)
Oleta Altzako zonalde bat da. Aldapa handiak ditu eta gehienbat adineko jendea da bertan bizi dena. Hori dela eta, PPk irisgarritasun neurriak hartzeko eskatu dio udal gobernuari.
Iñigo Arcauz, PPko zinegotziaren arabera, urteak daramatzate auzorik aldapatsuenetan igogailuak jartzeko eskatuz, baina beraien asmo onek ez dute emaitza handirik lortu. “Neurri txiki batzuk hartuta Oletako bizilagunen bizi kalitatea nabarmen hobetuko litzateke”, adierazi du Arcauzek.
Lehengo N-1 errepidea, orain pasealeku moduan erabiltzen dena, Altza eta Herrerako herritarrek asko erabiltzen duten eremua dela gogoratu du Arcauzek. Erdi bidean, Oletako bizilagunek badute pasealeku horretarako sarbide bat, baina eskailerak dituzte. PPk puntu hori berritzea nahi du igogailua edo eskailera mekanikoak jarriz.
Gai honi irtenbidea emateko mozio bat aurkeztuko du PPk. Oletako bizilagunen egoera aztertzea nahi dute, gune zehatz horretatik zenbat herritar igarotzen diren zenbatzea eta aurrekontu bat egitea. Eta azterketa horien arabera, irisgarritasun plan bat aurkeztea. Gainera, 2014ko aurrekontuetan auzoetako lan edo konponketa bertikalak, hau da, igogailuak edo eskailera mekanikoak jartzea, aurreikusteko ere eskatuko du PPk.