Altzako kiroldegi berriaren oinarrizko ezaugarriak zehaztu dituzte
Hilabete honetan onartuko dituzte Altzako kiroldegi berrirako oinarriak; prozesu luzea izango da, eta lanak 2015ean hastea espero dute.
Altzako kiroldegi berria egiteko bizilagunen ekarpenak aintzakotzat hartzea izan da udal gobernuaren apustua. Lehen bilera batean, hasierako proposamenak aurkeztu zitzaizkien herritarrei. Aldaketa batzuen ondoren, atzo egin zuten altzaterrekin bigarren bilera informatiboa, eta kiroldegi berriak behar dituen oinarrizko ezaugarriak azaldu zizkieten.
Oinarri horiek hilabete honetan onartuko dituzte, eta ondoren ideien lehiaketa jarriko dute abian.
Kiroldegi berria
Bentaberriko kiroldegia hartu dute eredutzat Altzakoaren ezaugarriak zehazterakoan. Josu Ruiz, kirol zinegotziaren arabera, Altzari “bihotz berria” jartzea da helburua. Bere hitzetan, “ez da kiroldegi berri bat egitea soilik, ingurua egokitu nahi dugu; kiroldegi berri bat egin, kanpoko jarduerentzako gune zabalak sortu, baina ingurua auzotarrentzako bilgune ere bihurtu nahi dugu”.
Horretarako, egungo kiroldegiko eremua handitu eta behar ezberdinetara egokituko dute. Barruko zein kanpoko kirol guneak izango ditu, eta ingurua oinezkoentzako egokituko dute, eta plaza bat ere eraikiko dute.
Ingurua egokitzeko hainbat tramite egin behar direla azaldu du Ruizek, lurzoruaren plan orokorra aldatzea, adibidez, eta kudeaketek luze joko dutela. Dena dela, aurreikuspenen arabera, lanak 2015ean hasiko lirateke, eta gutxienez 15 hilabete beharko dira kiroldegi berria egiteko eta ingurua egokitzeko.



