Herritarren ekarpenak bilduko dituzte Kultur Aniztasuna sailaren lan ildoak zehazteko
Irailaren 30ean hasita, hiriko bost auzotan egingo dituzte saio parte hartzaileak, Kultur Aniztasuna saila aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasotzeko.
Ekainean aurkeztu zuten Kultur Aniztasuna saila, eta Donostiako herritarren ezaugarriak erakusten zituen azterketa bat ere aurkeztu zuten, ‘Jatorri Aniztasuna eta Elkarbizitza Donostian’. Donostiarren azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa egin zuten, auzoetako kultur eta jatorri aniztasuna erakutsiz.
Dena den sailaren lanak ez du etenik, Naiara Sampedro, kultur aniztasuneko zinegotziaren arabera, “egindako azterketari jarraipena eman behar diogu, eta horretarako ezinbestekoa da herritarren eta gizarte eragileen ekarpenak jasotzea”.
Ekarpen horiek jasotzeko saio parte hartzaileak egingo dituzte hiriko bost auzotan. Bilera hauen helburua, Kutur Aniztasun saila herritarrei aurkeztea eta beraien ekarpenak eta iritziak jasotzea izango da. Hala, jasotako ekarpen guztiekin sailaren lan ildoak zehaztuko dituzte. Sampedroren esanetan, “elkarbizitzarako parte hartzea ezinbestekoa da, beraz herritar guztiei bileretan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu”.
Gainera, parte hartzaile guztiekin jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzeko sare bat sortu nahi dute.
Saio parte hartzaileak
Bilerak Altzan, Antiguan, Amaran, Parte Zaharrean eta Egian egingo dituzte, eta auzo bakoitzean bertako errealitateari dagozkion datu zehatzak ematen saiatuko dira. Hona hemen saioen datak:
-Irailaren 30ean, San Telmo Museoan
-Urriaren 2an, Lugaritz kultur etxean
-Urriaren 7an, Tomasene kultur etxean
-Urriaren 8an, Ernest Lluch kultur etxean
-Urriaren 10ean, Egia kultur etxean
Saio guztiak 18:30ean izango dira.


