Txapartegi: "Euskal sortzaileen hauspoa izan nahi dugu"
Donostia Kulturaren udazkeneko musika programazioa zentzu guztietan anitza izango dela ziurtatu du udaleko Kultura arduradunak.
Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkariak sendo esan du: “Euskal sortzaileen hauspoa izan nahi dugu”. Izan ere, Donostia Kulturaren udazkeneko musika programazioa aurkeztu dute gaur, eta bertan, euskal artistek aparteko lekua izango dute Txapartegiren hitzetan. Guztira, 47 kontzertu antolatu dituzte urria eta abendua artean; eta horietako gehienak Viktoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean izango diren arren, Egiako Gazteszenak, Intxaurrondo kultur etxeak eta Lugaritzek ere hainbat emanaldi jasoko dituzte. Kalitatea, formatu eta estilo aniztasuna azpimarratu ditu Txapartegik. Bertako artistez gain, nazioartekoek ere euren tartea izango baitute.
Donostia Kulturako Miguel Martinek zabal azaldu ditu Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko programazioak. “Hiru zati handitan banatua dago Viktoria Eugeniako programazioa, euskal musika, musika klasikoa eta musika garaikidea”, azaldu du Martinek. Hala, Pier Paul Berzaitzen Egunsentiaren kantak (urriak 5), Oskorriren Gabriel Aresti bizsitan (abenduak 29) eta hainbat euskal emakume kantari bilduko dituen Emeki Kantari (abenduak 30) aipatu ditu, besteren artean. Musikagileak Musika Garaikidearen IV. Zirkuituaren barnean, Alfonso Gomez arituko da pianoan (urriak 7) edota Silboberri Txistu Elkartea (urriak 17) arituko dira. Antzoki Zaharrean, berriz, Eñaur Elorrietaren Deserriko kantak (urriak 18), EH Sukarra eta Izaki Gardenak (abenduak 15) eta Audience eta Luke Amstrong (abenduak 28) arituko dira, besteak beste. Gainontzean, aipatutako kultur etxeetan, Donostiklub jaialdia, Zuloak, Napoka Iria eta Donostia Bertsotan moduko emanaldiez gozatzeko aukera izango da. Emanaldi guztien inguruko informazio gehiago lor daiteke Donostia Kulturaren webgunean bertan.


