Bosgarren edukiontzia auzo guztietan jartzen dutenean hasiko dira zabor tasa berriak kobratzen
2014ko lehen seihilekoan hiriko auzo guztietan jarrita egongo da edukiontzi marroia.
Zabor tasa berrien bidez udal gobernuak hondakin gutxiago sortzea eta sortzen den hori egoki sailkatu eta birziklatzea lortu nahi du. Banakako konposta, auzo konposta eta bio-hondakinen edukiontziaren edo edukiontzi marroiaren erabilera bultzatu nahi ditu horretarako. Gainera, ordaindu beharrekoa zaborren kudeaketaren araberakoa izatea lortu nahi dute, baina horretarako “herritar guztiek aukera berdinak” izan behar dituztela adierazi du Jabi Vitoria, ogasun arduradunak.
Hortaz, zabor tasa berriak ez dira indarrean jarriko Donostiako auzo guztiek bosgarren edukiontzia izan arte. 2014ko lehen seihilekoan jarriko dituzte edukiontzi marroiak hiri guztian. Herritarrek egiten duten erabilera aztertu, eta horren arabera finkatuko dituzte tasak.
Dena dela, Vitoriaren arabera, “zaborrak egokien kudeatzen dituztenek gutxiago ordainduko dute; eta alderantziz, zabor gehien sortzen duenak gehiago ordaindu beharko du”.
Ogasun arduradunaren esanetan, “guztiek izango dute zabor tasaren % 2’2ko igoera bat, baina, tasa hori erabileraren arabera aldatuko da”. Vitoriak gogorarazi du zabor bilketak sei milioi euroko defizita sortzen duela.
Zaborren kudeaketan egingo diren aldaketak
Jabi Vitoria, ogasun arduradunaren hitzetan, “birziklatzeko aro berri batean sartzera goaz, eta gutxiago sortu eta gehiago birziklatzeaz gain, zaborren kudeaketa ere hobetu behar da”.
Kudeaketa hori aldatzeko lehen neurria zaborren tasa finkoa aldagarri bihurtzea izan zen, gehiago sortzen duenak gehiago ordainduz. Neurketa horretan aldaketa batzuk proposatu ditu udal gobernuak:
-Tasak finkatzeko sailkapenak aldatu egingo dituzte, jardueren egungo sailkapena errealitatera egokituz.
-Orain arte hiruhileko osoa ordaintzen zen, baina hemendik aurrera, altan ematen denetik bajan ematen den arte ordaindu beharko da.
-Ur irakurketak egin ezin izan diren etxebizitzetako tasa murriztu egingo da, aurreikusitako kontsumo maila %100etik %50era jeitsiz.
Jabi Vitoriaren arabera, bio-hondakinen erabilera hori nola kontrolatu edo neurtu aztertzen ari dira oraindik. Bere hitzetan, “teknikoak horretan ari dira eta azterketa horiek bukatzen direnean zehaztuko dira erabileraren araberako zabor tasa berriak”.


