Bilduren zuzenketekin birziklatzea ez dela borondatezkoa izango dio PPk
Bosgarren edukiontzia hiriko auzo guztietan jartzen dutenean hasiko direla zabor tasa berriak kobratzen iragarri du Bilduk aste honetan. 2014ko lehen seihilekoan aurreikusi dute edukiontzi marroia hiri guztian jartzea.
Dena dela, horretarako beharrezkoa da zaborren kudeaketarako ordenantza aldatzea. Pasa den ostiralean amaitu zen ordantza aldatzeko proposamenari zuzenketak egiteko epea. Hiru zuzenketa aurkeztu zituen Bilduk ostiralean bertan.
Vicente Garcia, PPko zinegotziaren arabera, Bilduk egindako hiru zuzenketekin birziklatzea ez da borondatezkoa izango. “Gehien birziklatzen dutenek gutxiago ordainduko dutela sinistarazi nahi du Bilduk, baina hori diskurtso politikoa besterik ez da; birziklatzea ez bada borondatezkoa derrigorrezkoa da, eta horixe da Bilduk hartu nahi duen bidea”.
Ordenantza aldaketari egindako zuzenketa guztiak udalbatzarrean eztabaidatuko dituzte, eta “aurrera ez ateratzea” espero dutela adierazi du Garciak, baina Bilduren asmoak “garbi geratu direla” azpimarratu du.


