Pilates eta ziklo-indoor dira gehien egiten diren kirol jarduerak
Astelehenean hasiko dira 2013-2014 denboraldiko kirol jarduera berriak, eta dagoeneko 10.000 pertsonek eman dute izena.
Egun gutxi falta dira kirol jardueren denboraldi berria hasteko, eta Donostia Kirolak emandako datuen arabera, azken urteetako joerari eutsi zaio oraingoan ere. Hau da, gero eta pertsona gehiagok parte hartzen dute kirol jardueretan.
Aurten ere pilates (1.823 pertsona) eta ziklo-indoor (1.615 pertsona) jarduerek izan dute eskaerarik handiena, mantentze gimnasia (950 lagun) eta aerobikaren (926 pertsona) atzetik.
Denboraldi berri honetan, igerilekuetan egiten diren jardueren artean umeei zuzendutako igeriketa ikastaroen eskaintzak izan duen erantzuna azpimarratu nahi izan du Donostia Kirolak. Izan ere, ur jardueretako irakaskuntza metodologia berriei egokituz, ikasturte honetatik aurrera, modu ezberdinean egingo dira ikastaroak; irakaskuntza ume bakoitzaren ezaugarri eta beharrei egokiturik. Ondorioz, aurten, zapaburuak, marmokak, pirañak, marrazoak eta izurdeak ikusi ahal izango dira Donostiako igerilekuetan.
Izen ematea zabalik urte osoan
Izena emateko epea denboraldian zehar irekita mantenduko dute, oraindik plaza libre asko geratzen baitira hainbat ikastarotan. Beteta dauden ikastaroetan, berriz, itxaron zerrendetan izena emateko aukera dago, ikasturtean zehar bajak izan baitaitezke.
Kirol jardueren eta zerrenden informazio osoa Donostia Kirolaren webgunean eskura daiteke.


