Udalak administrazio datuak trukatzeko hitzarmena sinatu du Eusko Jaurlaritzarekin
Hitzarmenaren bitartez prozedura administratiboetan aurkeztu beharreko agiriak nabarmen gutxituko dira.
Juan Karlos Izagirre alkateak eta Josu Erkoreka Herri Administrazioko eta Justiziako sailburuak sinatu dute bi erakundeen arteko datu trukaketa ahalbidetuko duen hitzarmena.
Hitzarmen honen arabera informazioa, datuak eta zerbitzu elektronikoak partekatuko dituzte. Paperezko ziurtagirien eta gainerako agirien ordez, datu bidalketa elektronikoak erabiliko dituzte. Ondorioz, hainbat kasutan herritarrei datu edo ziurtagiriak eskatu beharrik izan gabe egingo dira kudeaketa administratiboak.
Juan Karlos Izagirre alkatearen esanetan, “administrazio publikoa hobetzeko pauso garrantzitsua da eta onura nabarmenak ekarriko dizkie herritarrei”. Ildo horretatik, Josu Erkorekak ere aldaketa guztiak “herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko” egiten direla adierazi du.
Administrazioei eta herritarrei hitzarmen honek sortuko dizkien onurak azpimarratzeko errolda agirien kasua jarri du Izagirrek adibidetzat. Urtean 35.000 errolda agiri ematen ditu udalak. “Langile batzuk daude agiri horiek emateko bakarrik; hitzarmen honen bidez kontuak atera zenbat paper, eta giza baliabide aurreztuko ditugun”, adierazi du Izagirrek.
Administrazioaren azkartasuna eta eraginkortasuna hobetzeko bidea izango da hitzarmen hau. Lau urterako lankidetza hitzarmena da, urtez urte modu automatikoan luzatu ahal izango dena.


