Igeldoko sarrera erakusten duen kartela. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
PSE-EEk, PPk eta EAJk Igeldoko desanexioaren gaia auzitegietara eramateko proposamena onartu dute gaurko udalbatzarrean. Bilduk kontra bozkatu du, igeldotarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela defendatu eta gero. Hain zuzen ere, oposizioak bat egin du udal gobernua kritikatzeko orduan. PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascoren hitzetan, “proposamen hau aurkeztu dugu Donostiak duen babesgabetasunagatik, Bilduren isiltasuna dela medio”. PPko bozeramaile Ramon Gomezen arabera, “Igeldoren desanexioak interes partikularrei erantzuten die. Dirudienez, Izagirre alkatetzara iritsi zen helburu bakar batekin: Igeldoren independentzia lortzea”. Azkenik, EAJko bozeramaile Eneko Goiak esan du jeltzaleek bi urte eman dituztela irtenbide bat bilatzeko negoziaketa bat proposatzen, eta salatu du Bilduk ez diela erantzun ere egin. “Tranpa egin duzutenez, hau da jaso duzuen ondorioa”, esan du, oposizioak adostutako proposamena aipatuz.
Partaidetza zinegotzi Axier Jakak, bere aldetik, oposizioaren jarrera gogor kritikatu du, igeldotarrei entzun gabe hartu dutelako erabakia. “Zuek prest al zaudete herritarren erabakia eta hitza errespetatzeko?”, galdetu die PSE-EE, PP eta EAJ udal taldeei.