Azaroaren 10ean galdetuko zaie igeldotarrei
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Igeldoko Herri Kontseiluak elkarlanean diseinatu duten herri kontsulta azaroaren 10ean egingo da eta bertan 16 urtetik gorako igeldotarrek Igeldo udalerria izatea nahi duzu? galderari baiezkoa ala ezezkoa bozkatzeko aukera izango dute.
Igeldoko Itsas Aurre elkarteak ekainean Gipuzkoako Foru Aldundiari desanexiorako espedientea berrikusteko eskaera luzatu zion eta Foru Aldundiak erabakia hartzeko igeldotarrek zer iritzi duten jakin nahi du herri kontsulta baten bitartez. Abian jarri duten prozesuaren inguruan argibideak emateko gaur prentsaurrekoa egin dute eta bertan izan dira Garbiñe Errekondo Funtzio Publiko eta Foru Administrazioko diputatua, Arantza Ruiz de Larrinaga Hiri Partaidetzako zuzendaria, eta Ramon Urruzmendi Igeldoko Herri Kontseiluko kidea.
Prozesuaren diseinua egiteko, lauzpabost bilera egin dituzte eta, horien artean, behin-behineko emaitza Donostiako talde politikoei eta Igeldoko Herri Kontseiluari aurkeztu diete, bata irailaren 20an eta bestea irailaren 29an. Iritzi guztiak bildu ondoren, behin-betiko diseinua gaur aurkeztu dute. “Pozgarria da guretzat gaur hemen egotea”, adierazi du Ruiz de Larrinagak eta prozesua nolakoa izango den azaldu du. Herri kontsultaren aurretik, herritarrek gaiaz informatu, hausnartu eta eztabaidatzeko aukera izango dute. Horretarako, hainbat mahai inguru antolatuko dituzte eta bilerak sektoreka eta auzoka egingo dira. Bihar izango da lehenengo mahai ingurua, 20:00etan, Itsas Aurre kultur etxean, eta azkena azaroaren 8an.
Ondoren, herri kontsulta egingo da, azaroaren 10ean, igandean, 9:00etatik 20:00etara. Bozkatzeko baldintzak azaroaren 10a baino lehen 16 urte beteta izatea eta Igeldon bizitzea izango dira. Herritarrek kontsultan Igeldo udalerri izatea nahi duzu? galderari bai ala ez erantzuteko aukera izango dute. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, igeldotarren iritzia kontuan hartuta, desanexioa onartzea edo ukatzea erabakiko du.
Foru Aldundiak herri kontsulta egiten duen lehenengo aldia da eta “herritarren nahia mahaia gainean egotea urrats bat” dela azpimarratu du Larrinagak eta Ramon Urruzmendik “herritarren iritzia zein den jakiteko momentu erabakigarria” dela adierazi du. Horregatik, herritarrei gonbitea egin diete prozesu osoan aktiboki parte hartzeko eta kontsultan ere euren iritzia plazaratzeko.