Igeldoko plaza. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Momentuz Foru Aldundian ez dute Carlos Urquijoren eskutitzik jaso.
Igeldoko herri kontsultaren harira, ohar bat kaleratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak ondokoa adieraziz: “Foru Aldundiak eskumen eta eskubide osoa eta betea du herri kontsulta ez lotesleak deitu, antolatu eta egiteko, inori baimenik eskatu beharrik izan gabe. Halaxe aitortzen dio 2010an Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako Herritarren partaidetzari buruzko uztailaren 8ko 1/2010 Foru Arauak, II kapituluan, 17, 18 eta 19 artikuluetan adierazten den bezala. Horrenbestez ez du behar Espainiako Gobernuaren baimenik ez babesik, eta, beraz, azaroaren 10ean, Igeldon egingo den kontsultak legearen eskaera eta baldintza guztiak betetzen ditu; segurtasun juridikoa eta demokratikoa erabatekoa da”.
Adierazpen hau Espainiako Gobernuko ordezkari Carlos Urquijori erantzutera dator. Urquijok, antza, ohartarazpen bat bidali die Juan Karlos Izagirre alkateari eta Martin Garitano diputatu nagusiari, nahiz eta azken honek ez duen ezer jaso, eta hedabideen bitartez jakin duen gutunaren berri.