Parte Zaharrean bizi auzo elkarteko Xabier Arberas eta Eduardo de la fuente arduratu dira guztiaren berri emateaz. (Argazkia: E. Zabala)
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea kezkatua dago aspaldi honetan auzoaren egoerarekin. Bereziki, taberna eta jatetxeen terrazen kontura geroz eta espazio publiko gutxiagorekin geratzen ari direla uste dute. Hori dela eta, euren jardueraren berri eman dute prentsa aurrean, gaur goizean. Bizilagunek aurreratu dutenez, datorren urriaren 10ean mahai inguru bat egingo dute, 19:00etan. Parte Zaharreko udal liburutegiaren kriptan egingo dute mahai-inguru irekia, eta bertan, udaleko ordenantzarekin dituzten desadostasun nagusiak eta aurkeztutako alegazioen berri emango dute.
Joan den uztaileko udalbatzarrean, oposizioko taldeek hasierako onarpena eman zioten espazio publikoa ostalaritzarak okupatzeko ordenantzari; hau da, terrazak jartzeko neurri eta baldintzei. Udal gobernuak, bere aldetik, kontra bozkatu zuen. Akordioa lortuta, herritarrek iradokizunak eta erreklamazioak egiteko epea abian jarri zuten, eta hainbat izan dira jarritako helegiteak. Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea horien artean dago, eta guztira, osoko zuzenketa bat eta 142 zuzenketa aurkeztu ditu. Elkartearen ustez, ordenantza berriarekin egoerak okerrera egingo du. Hala, gogorarazi dute, Parte Zaharrean 210 taberna eta jatetxe daudela, eta bizilagunak ez direla 6.100era ere iristen; beraz, gunea oso saturatua dagoela diote. Hurrengo udalbatzarrean ikusi beharko da ea oposizioak herritarren ekarpenak kontuan izaten dituen.