Karlos I.aren etorbideko saihesbidearen aurka mobilizatzen hasi dira amaratarrak
http://youtu.be/Qh3pL2tgkM4
Elkarretaratzea egin dute gaur Donostiako irteeran; berrehun bat lagun bildu dira.
Gezurrik ez auzo honetan, Barianterik ez eta Esanak bete eta kitto!. Gaur Amarako saihesbidean berrehun bat auzotarrek egin duten protestan entzun diren aldarrikapenak dira. Oztoporik gabeko auzo baten alde hasi dira mobilizatzen: Karlos I.ren etorbideko saihesbidea desagertzea nahi dute. Udalak eta Aldundiak huts egin dietela adierazi dute. Izan ere, apirilaren 30erako Amarako irteera moztea zegoen aurreikusita; baina saihesbidea kentzeko plana atzeratzen ari da.
Lierni Lasak, Amarako saihesbidea kentzeko batzordeko kideak, adierazi du amaratarrek hogei urte baino gehiago daramatzatela saihesbidearen aurka borrokan, eta helburua lortu arte ez dutela etsiko: “Jendea gogaituta dago arazo honekin. Amaratar guztien babesa lortu nahi dugu, eta ez bakarrik Karlos I. aren etorbideko bizilagunena. Oso garrantzitsua da herritarrek mobilizazioetan parte hartzea”.
Mahai gainean dauden azterketa eta informe guztiak saihesbideko irteera mozteko nahikoa direla uste du Iñaki Olasagastik, Amarako bizilagunen elkarteko kideak: “Ez dago aitzakiarik. Hasiera batean apirilaren 30erako zegoen aurreikusita irteera ixtea. Hala esan zigun Nora Galparsorok [Hiri Azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotzia]. Orain, ordea, Aldundiak dio beste ikerketa bat egin behar duela, Martuteneko biribilguneak ez duela nahikoa trafiko hartzen. Orain nahikoa ez bada, konponbidea aurkeztu zutenean ere ez. Beraz… aitzakia bat besterik ez da”.
Bildu udalera iritsi zenean, saihesbidearen aurkako bizilagunen eta udal gobernuaren arteko harremanak oso onak izan zirela azaldu du Lasak: “Nora Galparsoro Amarako saihesbidearen aurka lan egiteko prest zegoen. Baina denbora pasa da, eta badirudi Aldundiarekin talka egin duela. Badirudi Aldundiak bestelako iritzia duela eta…”. Olasagastik aitortu du udala sahiesbidearen aurka dagoela ikusten duela: “Udalak, baina, ez du erantzukizun osoa afera honetan. Aldundiak Martuteneko biribilgunea moldatzeko 4 milioi gastatu behar dituela dio, eta orain ez duela horretarako dirurik. Ba guretzako lehentasunezko gai bat da”.
Borondate politikorik ez dagoela esan du Lasak: “Ez gaituzte serio hartu. Lehentasunezkoa ez dela diote, baina amaratarrok urteak eman ditugu konponbide baten eske. Auzoa zatitu egiten du; biztanle gehien duen auzoa bitan banatzen du. Konponbidea lortu behar dugu orain. Oztoporik eta mugarik gabeko auzoa nahi dugu”.
Auzoa zaituta egoteak auzoaren degradazioa besterik ez dakarrela diote bi kideek: “Elkarbizitzarako oztopo bat da. Bi auzo direla dirudi, baina berez auzo bakarra gara. Eta sahiesbideak, noski, Karlos I. aren etorbidean dauden denda eta taberna guztien galera dakar. Kutsadurak ere kezkatzen gaitu, bai zaratak eta bai airearen kutsadurak.

