
Eztabaida irekia egin dute Partaidetza Zuzenari buruzko jardunaldien amaieran. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Fernando Pindadok (politika publikoetan aditua) Partaidetza Zuzenari buruzko jardunaldietan egindako adierazpena da. Hainbat erakunde eta gizarte mugimenduetako ordezkariek ez ezik, herritarrek ere hartu dute hitza.
Kultura politikoaz, demokraziaren kalitateaz, herritarren eta politikarien arteko gertutasunaz, herritarrak mugitzeko beharraz, partaidetza zuzenaren mugez, herritarren frustrazioez… Luze eta zabal hitz egin dute Partaidetza Zuzenari buruzko jardunaldietan. Elkarrizketa ireki batekin bukatu dira gaur jardunaldiak.
Zenbait gonbidatuk osatutako mahai- inguruarekin hasi da gaur arratsaldeko saioa: Iñigo Lamarca (Arartekoa), Juan Jose Alvarez (Gobernantza Demokratikoaren Institutua), Fernando Pindado (politika publikoetan aditua), Martin Bühler (Initiative and Referendum Institute), Rafaela Romero (PSE-EEko bozeramailea Gipuzkoa-ko Batzar Nagusietan) eta Josu Larrinagak (Parte hartuz-EHU) piztu dute partaidetza zuzenari buruzko eztabaida.
Fernano Pindado partaidetza zuzen handiago baten alde agertu da: “Partaidetza zuzena ez da panazea, baina kalitate demokratikoa hobetzeko balio du”. Martin Buhlerrek Suitzako partaidetza zuzenaren ereduaz jardun du, eta Euskal Herrian ere demokrazia zuzena eraiki egin behar dela esan du: “Herritarrek ere galdetzeko eskubidea dute, baina gobernuek ez dute nahi”. Eta partaidetza zuzenaren mekanismoak lotesleak izatearen alde agertu da: “Ez dago partaidetza zuzenik mekanismo hori loteslea ez bada”.
Iñigo Lamarcak erreferedumek izan dezaketen arriskuaz ohartarazi du, eta giza eskubideei eman die lehentasuna: “Erreferendummak muga batzuk behar ditu, giza eskubideak errespetatu behar dituzte. Horregatik behar beharrezkoa da pedagogia soziala egitea”.
Herri mugimenduetako zenbait ordezkarik ere hartu dute hitza ondoren. Plazandreok-eko Juana Arangurenek esan du partaidetza zuzenarekin deseroso sentitzen direla agintariak: “Izutu egiten dira partaidetza zuzenarekin lan asko ematen dielako”. Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteko kide batek ere hartu du mikrofonoa: Politikariei bizilagunen elkarteak apaingarri gisa erabiltzea egotzi die: “Politikariek beldurra diote partaidetza zuzenari prozesua mantsotu egiten dutelako. Eta politikariek dena azkar egin nahi dute. Gu nolabait haientzako oztopo bihurtzen gara, eta horregatik ez gaituzte benetan kontuan hartzen. Apaingarri bat besterik ez gara. Benetan gure ekarpenetan interesa izango balute, proiektu bat aurkeztu aurretik gure iritza eskatuko lukete. Aldiz, aurkakoa egiten dute”.