
Bera Bera Eskubaloia Vardar taldearen aurkako partidan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Txapeldunen ligan lehen partida jokatu du gaur Bera Bera Eskubaloiak Josean Gaska kiroldegian. Mazedoniako Vardar taldea izan du aurkari. Partida zaila izan da, talde indartsua baita Vardar, esperientzia handikoa. Halere, Bera Bera Eskubaloiak aurpegia eman du eta markagailuan unerik gehienetan atzetik joan arren ez du amorerik eman bukaera arte. Lehen zatian eroso ibili dira mazedoniarrak, 8 eta 12ko emaitzarekin bukatu da lehen zatia. Bigarren zatia hasi eta berehala Bera Bera indartsu aritu da, eta gol bakarrera geratu da (12-13). Hortik aurrerakoan etengabeko soka tiran aritu dira bi taldeak, eta azkenean Vardar nagusitu da (19-23).