Hiru mendizale donostiar hil dira auto istripu batean
Txiletik zetozen, espedizio batetik; Labennen (Landak, Frantzia) gertatu da istripua.
Andoni Areizaga, Josi Hernandez eta Iñaki Cuellar mendizale donostiarrak auto istripu batean hil dira Labennen (Frantzia). Furgonetako gidaria, Bernard Doumerq, ere hil egin da. Txiletik zetozen laurak, hilabeteko espedizio batetik. Txilen izan ziren hilabete batez, eta Parisera iritsi ondoren zetozen Euskal Herrira. 44 eta 60 urte arteko eskarmentu handiko mendizaleak ziren.
Larunbat arratsaldean gertatu zen istripua, A-63 errepidean. Bi mendizale istripuan bertan hil ziren, eta beste biak ospitalean hil dira. Hiru mendizale donostiarrak Vasco de Campingeko kide ziren: Andoni Areizaga suhiltzailea Donostian eta Open AltiToy mendiko eski probako zuzendaria; Josean Hernandez amaratarra eta Iñaki Cuellar.
Gertatutakoa ikertzen ari da Frantziako polizia. Dirudienez, kamioi batek atzeko gurpila galdu zuen; beste kamio bat gurpila errepidetik kentzeko gelditu zen, eta lau mendizaleen furgonetak honen kontra jo zuen.
Vasco de Camping elkartea, lur jota
Lau mendizaleen heriotzak lur jota utzi du Vasco de Camping elkartea: “Andoni Areizaga, Josi Hernandez eta Iñaki Cuellar taldekideak genituen; eta Andoni, gainera, mendi eski saila eta urtero antolatzen dugun Altitoy lasterketa ospetsuaren arduraduna”, azaldu dute webgunean. “Hitzik gabe uzten gaituzte horrelakoak. Ez da hitz egiteko momentua, ez, senide eta lagunei gure maitasun eta laguntza osoa eskaintzekoa baizik. Hutsune itzela gure barnean utziko dutena joan diren lau lagun hauek”, adierazi dute.

