Jon Albizu, mugikortasun zinegotzia eta Miguel Vital, Bonoparkeko arduraduna. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Auzo altuenetara iristea izango da Bonoparken helburua, eta urte hasierarako bizikleta elektrikoen 12 geltokiak egokituko dituzte.
Miguel Vital, Bonopark enpresaren arduradunak bizikleta elektrikoen inguruko argibideak eman ditu Lugaritzeko geltokian. Sistema berritzailea dela adierazi du eta geltokian bertan egin daitezkeen eragiketak azaldu ditu.
Erabiltzaileek dBizi geltoki bakoitzean zenbat bizikleta dauden eskuragarri jakin dezakete, adibidez, helmugara iritsi eta bizikleta uzteko arazorik ez edukitzeko. Ibilgailuak matxuraren bat badu ere momentuan eman dezake horren berri erabiltzaileak. Bonopark enpresak urrutiko kontrol bidez, bulegotik bertatik kudeatzen ditu geltokiak. Geltokiko kolorea berdea egoteak, bizikleten erabilera ehuneko 80a baino gutxiagokoa dela adierazten du. Gorrian jartzen bada, ehuneko hori gainditzen da eta bizikleta gehiago jarri beharko lirateke geltoki horretan.
Herritar bat bizikleta elektrikoa hartzen, Lugaritzen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Dena dela, Vitalek onartu du hainbat herritar kezkatuta daudela bizikleta elektrikoen zerbitzua nahi baino motelago garatzen ari delako. “Frogak eta moldaketak egiten ari gara etengabe eta asko eskertzen dugu erabiltzaileen pazientzia”, esan du Vitalek. Zerbitzua hobetzeko ahaleginetan ari dira eta hemendik aurrera astean beste bi geltoki egokitzea espero dute.
Geltokiak egokitu heinean zerbitzuaren aplikazioak ere abian jarriko dituzte. Momentuz 400 herritarrek eman dute izena bizikleta elektrikoak erabiltzeko, eta beren txartela eskura dezakete dagoeneko. “Pixkanaka eta modu orekatuan garatu behar dugu zerbitzua hirian, erabileraren arabera egokituz geltokiak, baina bizikleta elektrikoa erabili nahi duen edonork eman dezake izena dagoeneko”, esan du Vitalek. Ildo horretan, zerbitzua probatu duten herritarren erantzuna oso ona dela adierazi dute, eta Aiete, Egia, Altza eta beste auzo altuetatik ere informazio eskaera asko jasotzen ari omen dira. Izan ere, auzo altu horietarako zerbitzua egokitzea izango da Bonoparken lehentasuna hemendik aurrera, baina horretarako azpiegiturak eta bizikleten zerbitzua elkarrekin garatzearen beharra azpimarratu du Vitalek.