Hasi da alkateen Nazioarteko Konferentzia
Konferentzia zuzenean jarrai daiteke udalaren webgunearen bitartez.
Parte hartzaileek gaur arratsaldean eta bihar egingo dituzte mahai-inguruak Kursaal kongresu jauregian, Berria, Gara, Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoa egunkarietako zuzuzendariak moderatzaile gisa dituztelarik.
Goizeko bederatzi eta erdiak pasatxoan hasi dira iristen lehen gonbidatuak. Atarrabiako alkatea izan da lehena, eta atzetik gertuko nahiz urrutiko hainbat alkatea eta ordezkari iritsi dira Aieteko Bakearen Etxera.
Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea eta Vicente Zaragüeta, Konferentziaren ohorezko gonbidatuak egin diete guztiei harrera. Hasierako agurraren ostean, 10:30ak aldean hasi da Alkateen Nazioarteko Konferentzia.
Juan Karlos Izagirre alkatea izan da hitza hartu duen lehena. Parte hartzaile guztiei eskerrak eman ondoren, “ezberdinen artean hitz egiteko garaia” dela adieraziz. Bere hitzetan, “indarkeriak sufrimendu handia sortu du Euskal Herrian, eta baita Donostian ere; nahigabe handia sorrarazi du indarkariak eta biktima ugari utzi ditu. Guztiei onarpena eginez, bakea lortzeko bidean lan egiteko garaia da; inor ez dago soberan”, esan du Izagirrek.
Konferentziari esker ekarpenak jaso eta hausnarketarako bidea zabalduko dela adierazi du alkateak, eta bakoitzak ahal duen moduan edo dagokion mailan ekarpenak egiteko gonbitea luzatu die herritarrei. Indarkeriaren biktima izan diren guztiei begirunea adieraziz, minutu bateko ixilunea egin dute parte hartzaile guztiek, alkateak eskatuta.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak berriz, Euskal Herria “bake egarri izugarria duen herria” dela adierazi du. Alkateen alkate den heinean, Gipuzkoako alkate guztiek bakea eta elkarbizitza lortzeko ahaleginean jarduten dutela adierazi du Garitanok, eta eskerrak eman dizkie guztiei beren lanagatik. Hala ere, “bakeari gerra deklaratu diotela batzuk” salatu du ahaldun nagusiak, eta “herri txiki baina bizi honi” oztopoak jarri nahi dizkieten horiei aurre egiteko lanean jarraitzeko gonbita luzatu du.
Monika Hernando, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria da Eusko Jaurlaritzak Konferentziara bidali duen ordezkaria. Euskaldunek urtetan jasandako indarkeria eta giza eskubideen urraketak aipatu ditu, “etorkizuna iraganak baldintzatzen duela” adierazi du, eta udalek edo tokiko erakunde txikiek gatazkaren konponbidea eraikitzen duten lekua onartuz, “elkarbizitzarako oreka politikoa” lortzeko bidean lan egin behar dela esan du Hernandok.
Mairtin O Muilleoir, Belfasteko alkateak ere ikusmin handia sortu du. Berak egin du lehen hitzaldia eta Ipar Irlandako egoera eta prozesua gogoratuz, Euskal Herrian ere bakea lortuko dela adierazi du. Dena dela, zaila izango dela eta oztopo ugari gainditu beharko direla onartu du, baina bake bideei eutsiz, agintarien zain egon gabe, herritarrak izan behar dutela protagonista esan du. Presoei ere aipamen egin die Muilleoirek, “bakea eraikitzeko beharrezko agente” izan behar dutela adieraziz.
Hasiera ekitaldiko lehen hausnarketak jasota, 13:30ean ongi etorri ekitaldia egingo diete parte hartzaileei udaletxean, eta arratsaldean hasiko dira mahai-inguruak Kursaal Kongresu jauregian.