Haurrek euskararen alde egingo dute korrika larunbatean
Euskararen Kontseiluarekin elkarlanean, Jai Herrikoien Batzordeak Euskaraz Bizi Nahi dut herri lasterketen dinamika ekarriko du Amara Berriko jaietara.
Euskararen aldeko erakustaldi bat egingo dute larunbatean Amara Berriko jaietan. Haurrak izango dira protagonistak, beraiek egingo dituzte-eta euskararen aldeko metroak. Euskararen Kontseiluak sortutako Euskaraz Bizi Nahi Dut herri lasterketen dinamika Donostiara ekartzea lortu dute Amara Berriko jaiek.
Euskaraz bizitzeko nahia agertzeaz gain, talde-lana ere sustatu nahi dute. Ez dira lasterketa lehiakorrak izango, baizik eta kirola eta euskara uztartuz antolatutako lasterketak. Lasterketa herrikoiak eta familia giroan egitekoak antolatu dira, alegia, kirola eta euskara ardatz dituen ekimen osasungarria da.
Larunbatean Anoeta estadioan elkartuko dira 10:00etan. Musikaren erritmoan beroketa batzuk egingo dituzte lehendabizi, eta ondoren hasiko da lasterketa. Adinen arabera hiru talde sortuko dituzte. 0 eta 6 urte bitartekoek 100 metro egingo dituzte; 7 eta 11 urte bitartekoek 500 metro; eta 11 eta 14 urte bitartekoek 1.000 metro. Txikienek gurasoekin korrika egin dezakete, noski. Lasterketan izena emateko 2 euro ordaindu behar dira, asegurua ordaintzeko.
Arrazakeriaren aurkako horma-irudia
Bihar, ostirala, haur eta gaztetxoentzako beste jarduera bat antolatu dute Amara Berriko jaietan. Karlos I.ren bidezubiaren azpian, Olaeta tabernaren aurrean elkartuko dira 16:30ean horma irudi bat egiteko. Azken aldian auzoan agertutako pintada arrazisten aurkako jarduera bat izango da. Guztion auzoa, kolore guztietakoa lelopean egingo dute horma irudia. Jarduera honetarako Donostia 2016 Fundazioaren babesa izan dute.