Jubilatu eta pentsionistak elkartu dira, pentsioen murrizketen aurka. (Argazkia: Lide Ferreira)
Duintasuna Elkarteak deituta, Pio XII.aren plazan pentsioetan murrizketarik ez egotea aldarrikatu dute bertan bildu diren jubilatu eta pentsiodunek.
Hurrengo hilabeteotan Madrilgo gobernuak pentsioen erreforma berriak aurrera eramango dituela aurreikusita dago eta neurri honek jubilatuen pentsioetan murrizketak suposatuko ditu. Horrenbestez, egoera honen aurrean, gaur goizean Pio XII.aren plazan elkartu dira.
“Gure pentsioek gero eta gutxiago balioko dute erreforma berriarekin eta gure erosteko ahalmenak porrota jasoko du”, adierazi dute. Pentsioa eskubide bat dela eta pentsioak kotizatzen den leku berean bermatu beharko liratekela aldarrikatzen dute. Horretaz gain, pentsioek 1000 eurotik gorakoak izatea eskatzen dute.
Elkarteak egindako kalkuluen arabera, Euskal Herriko pentsiodun bakoitzak 661 euro galduko ditu, bataz beste, hemendik 2019ra arte, eta inflazioa %3koa izanez gero, galera 2549 eurokoa izan daiteke.
Bestalde, osasungintza publiko baten aldarrikapena egin dute eta berrordainketarik ez egotea eskatu dute. “Urte askotan lanean aritu gara eta egun duintasunez bizitzeko eskubidea dugu”, esan du Jose Mari Agirresarobe jubilatuak.
Gaur egin duten kontzentrazioaren harira,
Gune plataformak larunbatean, urriaren 19an, manifestazioa egingo du Bulebarrean, 17:30etan.