Eneko Goia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Añorgako errepidea oinezkoentzako egokitzeko lanak oraindik hasi gabe egotearen arrazoiak jakin nahi ditu EAJk, eta horixe galdegingo diote alkateari hurrengo udalbatzarrean.
GI-21, lehengo N-1 errepidea bulebar bihurtzea 2013ko aurrekontuetan aurreikusita dagoela adierazi du Eneko Goia, EAJko zinegotziak, baina “itxurazko arrazoirik gabe gaia geldirik” dagoela salatu du. “Añorgakoa udal gobernu honek egitasmoak egiteko duen gaitasun falta agerian uzten duen beste adibide bat besterik ez da”, esan du Goiak.
Aurtengo aurrekontuetan 1’5 milioi euroko partida Añorgako errepidea bulebar bihurtzeko erabiliko zela aurreikusten zen jeltzaleen arabera, eta 2014rako lanak bukatuta egon behar lirateke, baina, “urtea badoa eta badirudi añorgatarrek gutxienez beste urte bete itxaron beharko dutela urtetan amestu duten aldaketa ikusteko”, esan du Goiak.
N-1 errepidea bulebar bihurtuta Añorgako bizilagunen bizi kalitatea nabarmen hobetuko litzateela uste du EAJk. Baina “oraindik ez dakigu proiektua zehaztua dagoenik ere”, esan du Goiak. “Ez digute beraien lehentasunen berri ematen, beraz alkateari zuzenean galdetzea besterik ez zaigu geratzen; kasu honetan, Añorgako lanen inguruan zehaztasunak emateko eskatuko diogu”, adierazi du Eneko Goiak.