Haurrak, Bidebietan, eskubaloian jokatzen. (Argazkia: Mikel Goñi)
Izerditzeko eta lehiatzeko garaia iritsi zaie hiriko txikitxoei. Izan ere, larunbat honetan, Donostia Kirolak koordinatzen duen Eskola Kiroleko jarduerak abiatuko dira. Guztira, Donostia Kirolak emandako datuen arabera, benjamin eta alebin mailetan 5.000 haur inguruk hartuko dute parte aurtengo ikasturteko lehietan. Hau da, hiriko lehen hezkuntzako hirugarren eta seigarren mailen arteko haurren %70ak hartuko du parte.
Benjamin mailako haurrek (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. maila) kirol anitzeko egutegi batean parte hartuko dute. Beraz, hiru hilero kirol modalitate bat landuko dute: saskibaloia 3×3, futbol-8, areto futbola, eskubaloia, hockeya, softbola, pilota, errugbia, igeriketa eta atletismoa. Zehazki, larunbat honetan, futbol-8, areto futbola eta saskibaloiko lehiaketak hasiko dituzte; eta guztira, 390 taldek eman dute izena.
Alebin mailan, berriz, haur guztiei urtean zehar gutxienez bi kirol praktikatzeko aukera emango diete. Aurten, 350 talde daude lehiaketarako prest; horietako %40 neskenak dira, aurreko urteekin alderatuz taldeen kopuruaren igoera nabarmena izan duena. Saskibaloia izango da aurten ere kirolari gehien bilduko dituena, 140 talderekin.