Egia, artez blai
K1 Donostiara jardunaldiaren bigarren ekitaldia egingo dute Egian, larunbatean. Auzoko sortzaileek euren lanak kalera aterako dituzte egun osoko egitarau honetan.
Ez ohiko toki batean elkartu dira komunikabideak K 1 jaialdiaren (Kilometro bat Donostiara) aurkezpenean: Atotxako dorrearen teilatu lauan, 74 metroko altueran. Gune hau aukeratzea ez da erabaki arbitrarioa izan, jardunaldi honen metafora bat badelako hiriko eraikinik altuena. Jardunaldi honetan lan eta lan ari den Ados Teatroko Gorka Esnalek azaldu dio arrazoia IRUTXULOKO HITZARI: “Atotxako dorrea beti dago hor. Jende askorentzat polita da, beste batzuentzat itsusia. Behetik denok ikusi dugu, baina zenbatek izan dugu han goian egoteko aukera?”. Bada, Egiako sortzaileen metafora gisa erabili dute. Izan ere, Atotxako dorrea ezagutzen ez duten bizilagunak bezala, hainbat auzotar dira artista eta sortzaile egiatarrak ezagutzen ez dituztenak. Eta bertako artistak, dorrea bezala, ezagunak dira batzuk, eta ezezegunak beste batzuk: “Uste dut leku hau Donostiako txoko ikaragarri bat dela, eta oraindik jendeak ez du ezagutzen”, azaldu du Esnalek.
Iaz bezala, Egiako sortzaile eta eragileak K 1 Donostiara jardunaldian elkartuko dira larunbatean, urriaren 19an. Antzerkia, musika, performancea, poesia… Askotariko proposamenekin gozatuko dute ikusleek Egiako kaleetan; eta desberdinak gainera, horixe lortu nahi baitu jardunaldi honek. Iaz aurkeztutako egitasmoaren jarraipena izango da aurtengoa.
Ipar grafikagintzak 2011. urtean plazaratutako To auzoa liburuan du jatorria jardunaldi honek. Auzoko artista guztien bilduma bat egin nahi zuten. Argitalpen honek auzoak potentziala zuela erakutsi zuen, eta sorkuntzarako gaitasun hori kalera atera eta erakusteko jardunaldi bat sortzea erabaki zuten: 1 K Donostiara.
Ardatza: Tejeria kalea
Tejeria kalea izango da elkargune nagusia egitarau honetan. Egia Bizirik Elkartea Egia kalea bulebar bihurtzeko lanean ari da, udal ordezkariekin hizketan, eta gune hau artez blai bustiko dute: “Artistak kalera aterako ditugu, urte osoa estudioan pasatzen baitute”, azaldu du Esnalek. Jendeari sortzaileen lana erakusteaz gain, sortzaileen arteko harremanak sendotzea ere dute helburu.
Ikusleak harritu nahi dituzte, zerbait desberdina ikusi duten sentipena izan dezaten: “Gauza desberdinak erakusten saiatu gara. Poesia emanaldi bat egongo da, baina ez da poesia emanaldi soil bat izango”.
Egiako kaleei buruzko liburua
K 1 Donostiara jardunaldia egun bakarrean egin arren, urte osoa ematen dute lanean ideia honen inguruan. Besteak beste, argitalpen batean ari dira buru belarri bi auzotar. Mikel G. Gurpegi eta Ion Olano Egiako kaleei buruzko liburu bat prestatzen ari dira. Auzoko hainbat marrazkilari eta argazkilarien lanak bilduko ditu liburu honek, eta Olanok eta Gurpegik idatzitako gaztelaniazko eta euskarazko testuekin osatuko dute. Kaleen izenen inguruan Olanok sortutako komiki bat ere izango du argitalpen honek.
K1 Donostiara: egitaraua
– Egun osoa: Aitor Ikastola eta Maria Reinako ikasleek K 1 Donostiara jaialdirako egindako erakusketa (Egiako dendetako erakusleihoetan).
– Ametzagainako fauna, Egia Bizirik elkarteko Maru Rizorekin (12:00, Ametzagaina).
– Kaña2Kaña musika taldea (12:00, auzoan zehar).
– Hau al da zure seme-alabei utzi nahi diezuen ondarea? Egia Bizirik elkartearekin (Egun osoa, Plaza Berri).
– Lainon, Instalazioa actio et pronuntiatio (13:00, Helmuga taberna).
– Txokolarte, Paisaia horizontalak (16:30, Tejeria kalea).
– Rock Kam Broom musika taldearen kontzertua (17:00, Plaza Berri).
– Olerki dastaketa (20:30, Tejeria kalean).