Martxoan egindako ez-ohiko batzarra. (Argazkia: Nagore Koch)
Hiriaren egoeraren inguruko ez-ohiko batzarra egingo dute bihar udaletxean. Momentuko gogoetek ere lekua izango duten arren, EAJk argi dauka saioan hartuko duen jarrera. Lau atal nagusitan banatuko dute beraien txanda.
1.-Udal gobernua ez dela fidagarria uste dute jeltzaleek. “Konpromisoak hartzen dituzte, baina gero ez dituzte betetzen”, esan du Eneko Goiak. Bi urte pasa dira Bilduk agintea hartu zuenetik; “hasieran ‘aztertzen ari gara’ esaten zuten; ‘horretan lanean ari gara’ esaten zuten gero; bi urte pasa dira eta udal gobernu honek hutsune nabarmenak dituela agerikoa da”, gaineratu du zinegotzi jeltzaleak.
2.-Bilduk ez dituela Donostiaren interesak behar bezala defendatzen uste du EAJk. Gainera, “udalak Foru Aldundiarekin topo egiten duenean, beti Aldundiak irabazten du”, esan du Goiak. Igeldoren desanexioa edo Abiadura Handiko Trenaren gaia jarri dituzte adibidetzat.
3.-Bere interes politikoen araberako erabakiak hartzea leporatuko dio EAJk Bilduri. Zezenketak debekatzea edo Igeldon egingo den herri galdeketa aipatu dituzte zentzu honetan. Partidu politiko bera agintean egonik, Azpeitian zezenketak onartzen dituztela eta Donostian ez, edo Itziarri Igeldorentzako nahi ez duten izaera eman diotela gogorarazi dute jeltzaleek.
4.-Bilduk ez duela etorkizunerako planik uste du EAJk. Gobernu programarik eduki gabe hartu zutela agintea, eta bi urte pasa ondoren “oraindik ez dute oinarri sendorik; bizirik irautearekin konformatzen den gobernua da”, esan du Goiak.
Bihar 13:00etatik aurrera egingo dute hiriaren egoeraren inguruko ez-ohiko batzarra, udalbatza aretoan.