Oteizaren eskulturan performance bat egingo du igandean Ion Martinez aktoreak
http://vimeo.com/75777108
Jorge Oteizak 105 urte beteko lituzke urriaren 21ean eta hori ospatzeko asmoz Aldatzen Laguntzen antzerki konpainiak bi saio antolatu ditu urriaren 17an (gaur) eta 20an (igandean).
Dokumental baten aurkezpena eta performance berezi bat antolatu ditu Donostiako Aldatzen Laguntzen antzerki taldeak. Izan ere, Oteizak 105 urte beteko lituzke urriaren 21ean, eta haren omenezko bi emanaldi programatu ditu. Lehena gaur (osteguna) izango da. Izaro Gonzalez Ieregi getxoztarraren 81 amama dokumentala aurkeztuko dute Dokan, 19:30ean. 81.amama generazioari begira jarriko ditu ikusleak. Zer dela eta? “1963. urtean, Quosque tandem saiakeran, 80. generazioan kokatzen gintuen Oteitzak, kalkulu horiei jarraiki gure amamak 81. amama generazioa dira eta gu orain 81. amamei begira jarriko gara, dagozkigunak baitira”, azaldu du Aldatzen Laguntzen taldeko Ion Martinez aktoreak. Kultur ondare bilketatik urrunduz belaunaldi honen eta bere biloben arteko memoria, identitate eta estiloetatik ikus-entzunezko bidaia egingo du dokumentalak. “Transmisioaren leku fisiko eta sinbolikotzat dauzkagun baserriak izango dira gure mugimenduen haize orratza, kantauri isurialde guztitik egindako bidaia honetan amama eta bilobak ezagutuko ditugu: bizitza tradizionala bezala ezagutzen dugun gainbehera ezagutu duten baserri-emakumeak eta noizbait baserri-emakumea izandako amama daukan biloba”, gaineratu du Martinezek. Dokumentalean Intxaurrondoko amama bat agertzen da: Pellizar baserriko Pakita Anabitarte (Donostia, 1920).
Ion Martinez aktoreak berak performance bat eskainiko du igandean Pasealeku Berrian, 12:30ean. Oteizaren eskulturan Oteizak politikaz, hizkuntzaz, arteaz eta kulturaz zituen hainbat ideia entzungo dituzte ikusleek aktore antiguarraren ahotik. Ekitaldia gaztelaniaz izango da.
Bi emanaldi hauek doan izango dira. Ion Martinezek azaldu duenez, jardunaldi hauek inolako laguntza ekonomikorik gabe antolatu dituzte: “Guretzako harro egoteko ideia da, kultura ezin dutelako bakarrik diru laguntzek eta sariek sustengatu. Maitasunezko sorkuntza artistikoan ere sinisten dugu, eta gu kultura diru truke soilik egiten dutenen kontra gaude. Guri ere gustatuko litzaiguke gure sorkuntzengatik diru saria edo edonolakoa edukitzea baina ez baldin badago ere artea horren gainetik dagola pentsatzen dugu”.