Urko Picaza martxoaren 15ean eskubide zibil eta politikoen alde egingo duten jaialdia aurkezten. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Eskubide zibil eta politikoen aldeko jaialdia egingo dute martxoaren 15ean Donostian.
Lan dinamikaren lemarekin bat eginez, elkartasunetik konpromisora jauzi egiteko deia eginez, martxoan egingo duten jaialdiaren berri eman dute Katalunia plazako ekitaldian. Egitaraurik gabeko jaialdia izango dela aurreratu du Urko Picazak: “kartela txurian dago, ez dago protagonistarik, ez dago zehaztutako jarduerarik, denok garelako protagonista eta denon ekarpenekin osatu beharko dugulako egitaraua; gure esku dago arrakasta lortzea”.
Herritarrak aktibatu eta bakoitzak bere eremuan lan eginez, ekitaldi handi bat egin nahi dutela adierazi du Picazak. “Espainiako Gobernuak ez ditu bere kabuz epaiketa politiko hauek geldituko; ez ditu eskubide zibil eta politikoak onartuko. Ezin dugu besteek zer egiten duten begira geratu”. Horretarako berriro ere ezinbestekotzat jo du elkartasunetik konpromisora pasatzea.
Musikariak, kantariak, dantzariak, sukaldariak, diseinatzaileak, kudeatzaileak, web orrialdea abian jartzeko teknikariak…alor ezberdinetako pertsonak beharko direla esan du Picazak, eta martxoaren 15a ‘Libre eguna’ bihurtzeko auzolanerako deia luzatu du.