Imanol Cruz eta Amaia Ostolaza donostiarrek podiumera igotzea lortu dute
Eguraldia lagun jendetza bildu da Donostian 15Km lasterketaren aitzakian. Bai parte hartzaileak, 4.100 korrikalari guztira, eta baita hauek animatzera etorritakoak ere, jende ugari egon baita ibilbide osoan zehar.
El Hassan Oubaddi marokoarra izan da garailea 46 minutu eta 55 segundoko denborarekin. Bigarren postuan, Imanol Cruz donostiarra sailkatu da 47 minutu eta 51 segundoko denborarekin, eta hirugarrena, berriz, Alberto Revuelta elgoibartarra iritsi da 47 minutu eta 53 segundotara.
Emakumeen sailkapen orokorrean, berriz, Maite Arraiza bizkaitarra izan da lehena, 56 minutu eta 04 segundoko denborarekin. Atzetik Claudia Behobide hondarribiarra sartu da 56 minutu eta 08 segundora. Eta hirugarren postua Amaia Ostolaza donostiarrarentzako izan da, 56 minutu eta 15 segundoko denborarekin. Hasiera hasieratik lehia bizia izan dute lehen hiru emakumeen artean. Erraz aurreratu dira eta bukaera arte mantendu dute tartea. Segundo gutxi ziren tartean eta gipuzkoarrak saiatu dira Arraiza harrapatzen baina ez dute lortu, eta bizkaitarra bakarrik sartu da helmugan.
Lasterketa laburra
Aurtengo berrikuntza Donostiako klasikoaren barnean, emakumeentzako 5’5 kilometroko ibilbide laburra izan da. Arrakasta izugarria izan du, eta parte hartzaileek Anoetan elkartu diren lagunen berotasuna sumatu dute, giro aparta sortu baita bertan. Nieves Civicos izan da garailea 23 minutu eta 52 segundoko denborarekin, Maria Larrea bigarrena, 24 minutu eta 15 segundoko denborarekin eta hirugarrena, berriz, Ana Lopez 24 minutu eta 15 segundoko denborarekin.
Roller lasterketako irabazleak Kepa Caballero (26’42”) eta Begoña Huerta (28’02”) izan dira. Eta lasterketa egokituan berriz, Ion Galarraga izan da azkarrena, 31 minutu eta 07 segundoko denborarekin.



