Kantuz kontatu dute hiriaren historia
Parte Zaharreko bost gune agertoki bihurtu dira eta 200 urtetako gertakarien bost ikuspegi desberdin kontatu eta kantatu dituzte bakoitzean.
Hiriaren suntsiketa eta berreraikuntzaren bigarren mendeurrena gogoratuz kantata berezia egin dute Parte Zaharrean. Easo Abesbatza izan da jardueraren egilea, eta abesbatzako talde eta kideak auzoan banatuz ikuskizun dotorea eskaini dute.
Aintzinako testigantzak, bertsoak eta kantuak berreskuratu dituzte, eta propio gaurko ikuskizunerako sortuak izan dira beste batzuk. 17:00etan hasi da hiriaren historian zehar egin duten ibilbidea. Bretxa izan da abiapuntua; Bretxa izan zen etsaiek baliatu zuten zirrikitua, eta bertatik hasi nahi izan dute.
Lehen saioan Cum Jubilo abesbatzak Jose Vicente Etxegarairen Nere Donostiyako herritar maiteak lanaren moldaketa musikala interpretatu du. Berehala erakarri dute herritarren eta bisitarien arreta, eta asko izan dira ibilbidea musika doinuen atzetik egin dutenak.
Bigarren geldialdia San Bizente elizan egin dute. Emanaldi gordina eta hunkigarria izan da, guztiak mutu utzi dituena. Emakumeek jasan zituzten bortxaketa eta erasoen testigantza zuzenak oinarri hartutako letrak interpretatu ditu Araoz gazte abesbatzak, eta gogor egin dute txalo entzuleek.
Samina atzean utzi eta Konstituzio plazan 1813ko bizimodu alaia erakutsi nahi izan dute abesbatza txikietako haurrek. Garai hartako Plaza Berria donostiarren topaleku izaten zela kontatu dute alai.
Santa Maria basilika izan da laugarren geltokia. Hiriaren suntsiketan hildakoen omenezko saioa izan da. Elizako organoaren doinuei jarraituz, Easo musika eskolako Araoz Gaztetxo, Araoz Gazte eta Easo Eskolaniako neska-mutilak aritu dira kantuan, bi taldeen arteko elkarrizketa ikusgarria eskainiz.
Eta guztiak batera azken agertokira iritsi dira, Zuloaga plazara. Jose Elizondo tolosarraren Amaren obiyan bertsoak moldatu dituzte ikuskizunari amaiera emateko. Itxaropena eta etorkizunari ilusioz begiratzeko gogoa iradoki nahi izan dituzte azken doinuek.




