EAJ eta PSE-EEk zalantzan jarri dute herri kontsultaren sinesgarritasuna
Gero eta gutxiago falta da azaroaren 10a iristeko, eta EAJ eta PSE-EE alderdiak bat etorri dira Igeldoren desanexioari buruzko herri kontsulta ez dela bidezkoa adierazteko garaian.
Jeltzaleak
Eneko Goia, EAJko bozeramailearen arabera, azaroaren 10ean ateratzen den emaitza edozein dela ere, Donostia eta Igeldoren arteko harremana lantzeko lanean jarraitu beharra dago. Jeltzaleentzako Toki Entitate Txikiaren izaera da Igeldoren errealitatera hobekien moldatzen dena, eta bide horretan lanean jarraituko dutela aurreratu du Goiak.
Herri galdeketak egokiak direla esan du Goiak, baina Igeldoren kasuan, galdeketa egiteko prozesua bera ez dela egokia salatu du. Alde batetik, “bai edo ez, guztia edo batere ez; hori da Bilduk planteatzen duen aukera, eta erdibideko irtenbideak aztertzeko aukera gehiago badaude, baina ez dira aztertu ere egin”, salatu du Goiak.
Bestalde, igeldotarrek jaso duten boto-paperaren erabilera ere ez dela kontrolatzen esan du Goiak: “Berez, igeldotarrentzako bakarrik da, baina nik ere lortu dut, eta nik bezala beste edonork”. Gainera, posta bidezko botoak identifikatzeko modurik ez dutela jarri eta kezkatuta agertu da zinegotzi jeltzalea. “Edonork eman dezake botoa postaz, eta nahi izanez gero baita bi aldiz ere; bat postaz eta bertan bestea”.
Galdeketaren harira, Igeldon zabaltzen ari den informazioa ere aldebakarrekoa dela salatu du Goiak. “Itxas Aurrek euskara hutsean banatu du informazioa, eta horrela, aurreiritzietan oinarritutako banaketa bat besterik ez dute lortuko”.
Dena dela, desanexioaren ondorio errealak ez dituztela kontuan hartu esan du Goiak, eta beraiei Igeldoren bideragarritasun ekonomikoa ia ezinezkoa iruditzen zaiela. Goiaren hitzetan, “Igeldoko eskola berritu beharra dago, gastu horiek bere gain hartuko balitu, edo errepidean Garberakoa bezalako luizi bat gertatuko balitz, salduta geratuko litzateke herria”.
Sozialistak
Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramaileak ere gogor kritikatu du herri kontsulta egiteko prozesua bera. Jeltzaleekin bat etorri dira sozialistak posta bidezko botoaren anonimotasuna salatzeko orduan, eta prozesuaren sinesgarritasuna zalantzan jarri dute.
Bestalde, pasa den astean Itxas Aurrek prentsaurreko batean oposizioko alderdi politikoei luzatutako gonbiteari erantzunez, sozialistek ez daukatela beraiekin elkartzeko arazorik, baina Juan Karlos Izagirre alkatea ere bertan egotea gustatuko litzaiekela adierazi du Gascok.
Gainera, desanexioaren inguruan aldebakarreko informazioa bakarrik zabaldu dela salatu du Gascok; “Igeldotarrei eta gainerako donostiar guztiei desanexioak eragingo lituzkeen ondorio txarrak ezkutatu zaizkie”. Gune berdeen eta eraikitako guneen arteko oreka galtzean, hirian aurreikusita dauden hainbat egitasmo bertan behera geratuko liratekeela aipatu du, adibidez.




