Gazteen esku utzi dute Antiguako Villa Alegria eraikina
Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango du, eta bi aldeen adostasuna dagoen bitartean luzapenak automatikoki egingo dira.
Antiguako Villa Alegria udal eraikinaren proiektua definitzeko prozesua amaitu da, eta etxea Villa Alegria Gazte Asanbladari uztea erabaki du udalak.
Villa Alegria Gazte Asanblada irabazi asmorik gabeko gazte elkartea da, eta ekainean erregistratu zen, zortzi hilabeteko prozesu parte hartzailearen ondoren. Elkartea izango da espazioaren eta bertan garatzen den proiektuaren titularra. Udalak eta Villa Alegria Gazte Asanbladak, zentzu horretan, lankidetza hitzarmen bat adostu dute, alde bakoitzaren betebehar eta eskubideak zehaztuz. Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango du, eta bien arteko adostasuna dagoen bitartean luzapenak automatikoki egingo dira.
Gazteen beharrei erantzunez
Gazteek askotan helarazi diote udalari jarduera kultural eta sozialak modu autogestionatuan aurrera eraman ahal izateko leku baten beharra. Eskaera horri jarraiki, iazko azaroan prozesu parte hartzaile pilotubat hasi zen, espazioaren ezaugarriak auzoko gazteekin batera definitu eta diseinatzeko helburuarekin. Guztira hogei bileratik gora egin dituzte.
Naiara Sampedro, gazteria zinegotzia pozik azaldu da elkarlanean egindako prozesu honek izandako emaitzarekin: “Udal gobernuaren 2013-2015 Gazte Planean aurreikusitako asmoen artean dago gazteen guneak sortzea. Helburua gaztei zuzendutako eta gazteek zuzendutako gune ireki bat diseinatzea zen, eta helburua bete da: espazio hau gazteek gazteentzat egina da, eta horrek sekulako balioa ematen dio proiektuari”.
Bestalde, Sampedrok gogorarazi du leku hau gazte guztiei zabalduta dagoen lekua dela: “Elkarlanean zehaztu dugu kudeaketa, eta behin kudeaketa adostuta, euren eskuetan utzi dugu espazioa eurek kudeatu dezaten. Gazteek bizia eta kolorea emango diote orain arte hutsik zegoen espazioari, eta auzoari ere bizitasuna emango diote, erreferentziazko puntua izango baita”.
Prozesua hiru fasetan garatu da. Aurrenekoan, iazko abendutik otsailera bitartean, prozesu parte hartzailearen metodologia zehaztu zuten. Bigarrenan, martxotik ekainera, proeiktua definitzeari ekin zitzaion, prozesua auzora zabalduz eta espazio egokitzeko auzolan saioak eginez, eta azken fasea gazteek beraiek gidatu dute, proiektuaren filosofia zehaztuz eta garatuz. Abuztutik aurrera gazteek etxea prestatzen aritu dira auzolanaren bidez. Lantaldeak eratu dituzte eta proiektua ezagutzera eman eta zabaltzeko ekimenak ere antolatu dituzte, tailerrak, hitzaldiak, zine-forumak eta jaialdiak, besteak beste.


