Mobilizatzera deitu dute gaur Parot doktrinaren kontra
Parot doktrinaren inguruan Estrasburgok emango duen epaiaren harira, gaur kalean mobilizatzera deitu dute hainbat eragile sozial eta politikok. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 11:30ean jakinaraziko du bere epaia, eta erabakia itxaron bitartean, mobilizazio ugari antolatu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
Donostian elkarretaratzeak eta batzarrak prestatu dituzte, ebazpenaren kaleratzea itxaroteko. 11:00etatik 13:00etara elkartuko dira goizean Bulebarrean. Arratsaldean, berriz, 19:30ean elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean.
Parot doktrina sei preso donostiarri aplikatu zaie: Txomin eta Antton Troitiño, Maitane Sagastume, Jon Aginagalde, Jose Etxeberria eta Oscar Cadenasi.
Joan den otsailean, Donostialdeko Herrira mugimenduak kanpaina bat abian jarri zuen Europako Batasuneko herrialdeek Parot doktrinaren berri izan dezaten.Herrialde horiek Gipuzkoan dituzten kontsuletxeetara jo zuten presoei aplikatutako doktrina “bidegabea” salatzeko.


