Dokak aro berri bati ekingo dio
Antiguako aretoak eskaintza, eduki eta irudi berri bat landu du azken hilabeteetan, eta ostegunean aurkezpena egingo du jendaurrean.
Sei urteko bidea egin du Erregezainen kaleko Doka aretoak. Orain arte egindakoa aztertu eta gero, etorkizunerako apustua egiteko ordua dela uste dute arduradunek. Aro berri bati ekin nahi diote udazken honetan, Donostiako kafe antzoki erreferente bilakatu nahi du.
Lan talde berri baten eskutik, eskaintza, eduki eta irudi berri bat landu du azken hilabeteetan. Musika izango da Dokaren proposamen orokorraren ardatza. Musika sortu, moldatu eta elkarbanatuko den espazioa izan nahi du honen inguruan bizi diren musikari, promotore, talde, aditu eta zaleei bere moduan “musikaz bizitzeko” aukera emanaz.
Kultur sare baten bilgune ere izan nahi du Dokak: “Euskal kultura nahiz bestelakoak sustatu, nahastu eta aberastuko duen sare ireki eta kolaboratzaile baten bilgunea alegia. Horretarako, kultura arloko aktore desberdinekin elkarlan sakona gauzatuko da aurrerantzean”.
Eraldatze prozesu honetan hartutako erabaki eta pausoen berri emateko aurkezpen ekitaldi ireki bat prestatu dute. Ostegunean izango da aurkezpena 19:45ean, eta hainbat gonbidatu izango dira: Zuhaitz Gurrutxaga, Xabi Solano & DZ, Jon Martin, Oreka TX, Tristan Crowley, Giorgio Bassmatti eta Lauroba taldea izango dira bertan.

