Danborrada zonbi batek inauguratuko du Beldurrezko Astea
http://youtu.be/9qkqY5iQRXU
Larunbatean hasiko da jaialdiaren 24. ekitaldia.
Munstro, banpiro, sorgin, serieko hiltzaile eta bestelako izaki beldurgarriak euren gordelekuetatik aterako dira laster. Badator 24. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. Eskerrak horiek guztiak pantaila handian geratuko diren… Beno, den-denak ez. 1813an hiria suntsitu zuteneko egun hartan hil ziren soldadu batzuk hildakoen mundutik itzuliko dira, eta Parte Zaharreko kaleetan barrena danborra joko dute, zonbi bihurtuta. Danborrada Z izena jarri diote larunbatean (urriak 26) jaialdia inauguratuko duen ekitaldi honi. Nahi duenak bat egin dezake hileta martxa zonbi honekin. Bulebarrean makillatzeko postu bat jarriko dute 16:0etatik 19:00etara. Danbor hots ilunak 19:00etan puntuan hasiko dira.
Jaialdiaren zale amorratuenek badakite beldurra pasatzeko ez ezik gogotik barre egiteko uneak ere badirela Beldurrezko Astean. Edgar Wrighten The World’s End komedia berriak irekiko sail ofiziala. Antzoki Zaharreko lehen emanaldia izango da hau. Azaroaren 1ean bukatuko da jaialdia, Byzantium filmaren proiekzioarekin. Neil Jordan zuzendariak banpiroen istorio bat ekarriko du Antzoki Zaharrera. Interview with a Vampire (1994) filmaren zuzendaria da. Viktoria Eugenia Antzokian euskaraz azpidatzitako filmak emango dituzte: sail ofizialeko filmak (Bateria, Nuigulumar Z, Beldurrez eta Garenak gara) eta baita Cannon Films-i eskainitako zikloko lan batzuk (Texasko motozerra sarraskia 2, Superman IV:Bakearen bila, Herkules eta Unibertsoko nagusiak).
Aritz Moreno donostiarraren ‘Colera’ lana, film laburren sail ofizialean
Beldurrezko Astean hamalau lan proiektatuko dira film laburren sail ofizialean; tartean, Aritz Moreno donostiarraren Colera. Europako Fantasiazko eta Beldurrezko Film Laburren Urrezko Melies sarirako hautagaia da bere azken obra, baita Ikusleen Sarirako, Nazioarteko Epaimahaiaren Sarirako, Espainiako Film Labur Onenaren Sarirako eta Gazte Epaimahaiaren Sarirako . 2013ko Kimuak katalogoan sartu da Groseko zinemagilearen lana, eta ikusleek film labur berria lehen aldiz pantaila handian ikusteko aukera izango dute. Fikziozko istorio bat aurkeztuko du Aritz Morenok. Bardeetan filmatu zuen, eta Luis Tosar aktorea da protagonista. Pako Sagarzazu eta Iñake Irastorza aktore donostiarrek ere parte hartu dute filmean.
Egitarau osoa hemen.


