Iñaki Gurrutxaga, EAJko zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Astelehenean, urriak 28, zergei buruz egingo duten ez-ohiko udalbatzarrean aurkeztuko dute zuzenketa; PPren babesa ziurtatuta daukate dagoeneko.
Bildu eta PSE-EEk adostuta, Ondasun Higiezinen Zergari gainkarga bat ezarri zitzaion hutsik zeuden etxebizitzen kasuan. Ehuneko 50eko gainkarga adostu zuten hasieran, eta ehuneko 25ekoa ondoren. Zerga honen helburua, hutsik dauden etxebizitzak mugiarazi eta alokairuko merkatuari bultzada bat ematea litzateke.
Dena dela, Iñaki Gurrutxaga, EAJko zinegotziaren arabera, urtebete igaro da etxebizitza hutsen gainkarga ezarri zutenetik, eta ez du emaitzarik eman. “Benetako helburua ez bada zerga berri honen bidez diru gehiago lortzea, benetako helburua alokairua sustatzea bada, ez du batera zentzurik, urtebete honetan ez baita alokairuko etxebizitzen kopurua igo”, esan du Gurrutxagak.
Etxebizitza huts bat zer den definitzea ere oso zaila da zinegotzi jeltzalearentzat, eta neurri honekin “hainbat bidegabekeria” egiten direla gaineratu du, bigarren etxebizitza bat izan, eta saldu ezinik dauden jabeen kasua jarriz adibidetzat. Gainera, Gurrutxagaren ustez “oso zaila da kontrol zorrotza egitea”.
Gainordainaren berri izan duten herritarren artetik 2.500ek alegazioak aurkeztu dituzte, eta ia guztiak onartu dituztela jakinarazi du Gurrutxagak. Etxebizitza hutsak definitzeko bi kontzeptu hartzen dituzte kontuan: inor erroldaturik ez egotea bertan, eta ur kontsumoaren neurketa. Neurketa honetan sortzen dira, hain zuzen ere, arazorik gehienak, etxebizitza askotan ez baitute ur-kontsumoaren banakako neurgailurik, auzo-komunitatearen neurgailu orokorra baizik.
Zentzu horretan, “onurak baino buruko min gehiago” sortzen dituen zerga dela uste du EAJk, “bai herritarrentzat eta baita etxebizitza hutsen kontrola egiten ari diren langileentzat”, eta kentzeko eskatuko du datorren asteleheneko ez-ohiko udalbatzarrean. PPk babesa emango dio zuzenketari.