Old Trafford burumakur utzi du Realak, 1-0 galduta
Manchester United handiak bere lana ongi egin du eta talde txuri-urdinak ezin izan dio erantzun; beraz, Txapeldunen Ligako joaneko partida galduta itzuliko da Donostiara.
Realaren ametsa, hainbeste zalek espero zuten partida, emaitza tristearekin bukatu da. Manchesterreko Old Trafford estadioan jokatu du talde txuri-urdinak Txapeldunen Ligari zegokion partida, Manchester United handiaren aurka, eta 1-0 galdu du. Partida hasieratik talde ingelesa izan da nagusi, eta Realari kosta egin zaio partidan sartzea. Kontraerasoan asko jokatu du Manchesterrek, eta bigarren minutuan bertan iritsi da partidako gol bakarra, Iñigo Martinezek bere atean sartuta.
Indartsu zelairatu da Manchester, eta talde txuri-urdinaren atera lehen aldiz iritsi bezain laster Rooneyren jaurtiketa zutoinera joan da; ondoren, Iñigo Martinezek bere atean bertan sartu du baloia. Lehen ordu laurdenean kostata zebiltzan txuri-urdinak zelaian, eta 14. minutuan ere sekulako jaurtiketa egin du Rooneyk, gertutik, baina Claudio Bravok geldiketa bikainarekin erantzun dio. Hortik gutxira, 20. minutuan, Hernandezen gol bat baliogabetu du epaileak, jokoz kanpo zegoelakoan. Reala pixkanaka esnatu da eta 27. minutuan golerako aukera ona izan du Seferovicek, baina De Geak kornerrera bidali du. Realaren bigarren aukera garbia Antoine Griezmannek sortu du, baina hori ere ezerezean geratu da, langan jo ostean. Txartel hori dantza ere izan da, Carlos Martinezi sarrera gogor bat egiteagatik Kawagarentzat (34. minutuan); Markelentzat (39. minutuan) eta Xabi Prietorentzat, ondoren, falta bat epailearen baimenik gabe ateratzen saiatzeagatik.
Bigarren zatian beste modu batera zelairatu da Jagoba Arrasataren taldea, aukera gehiago sortu ditu, baina minutuek aurrera egin ahala behera egin du berriro. Seferovicek hainbat aukera izan ditu, De la Bellak ezker hegaletik egindako erdiraketa bat ere zuzenean langara joan da 58.minutuan, baina azkenean ezer onik ez. Manchesterrek 2-0ekoa lortzeko aukera bat baino gehiago ere izan ditu, Valencia eta Rooneyren eskutik. Ruben Pardo, Imanol Agirretxe eta Chory Castro zelairatu ditu Arrasatek bigarren zatiaren hondarrean, baina horiek ere ezer gutxi egiteko aukera izan dute.
Kontuak hala, pozik eta ilusioz Gipuzkoatik Manchesterrera joandako 6.000 realzaleek burumakur egin beharko dute itzulerako bidea, jokalarien moduan. Itzuliko partida azaroaren 5ean jokatuko dute Anoetan, 20:45ean.

Manchester eta Realaren arteko partidaren irudia. (Argazkia: Unai Zubeldia/Berria)